Donostiak Arraun Lagunak-ek, Euskadiko bandera ere Lugañenera

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 9a

Donostia Arraun Lagunak, Euskadiko txapelketako banderarekin. Arg.: EAF_FVR.

Getariako uretan jokatu zen hilaren 7an, Euskadiko txapelketa. Zortzi ontzi bildu ziren emakumezko mailan lehiatzeko eta astebete lehenago gertatu modura, Donostia Arraun Lagunak izan zen garaile; laugarrenez lortu dute bandera

Aiora Belartieta herritarra kide duen Lugañene-k bigarren txandan parte hartu zuen. San Juan, Kaiku eta Deusto izan ziren bere aurkariak. 

Lehen txandako Tolosaldearen marka (11.31,11) ondu behar zuen Donostiako taldeak eta horretarako jardun ziren eskifaiako kideak.

Ziabogan lau segundoko aldea atera zion Arraunek Tolosaldeari eta 10 segundo bere txandako bigarren izan zen San Juani. Bigarren luzean ere fin aritu ziren eta 11.24,81 eginez, bandera irabazi zuten.

Madrilen hasiera

Atzerako kontaketa hasi da, Euskotren Ligako lehen jardunaldia hilaren 28an jokatuko da.

Ezohiko kokalekuan izango da, gainera, Buitrago del Lozoyako urtegian (Madril). Bertan Isabel II. kanala- 175. urteurrena bandera eskuratzeko lehiatuko dute aurten liga osatzen duten zortzi ontziak: Astillero, Donostia Arraun Lagunak, Nortindal Donostiarra, Hibaika, Orio, San Juan, Tolosaldea eta Zumaia. Eta, azken urtean bezala, Donostiako bi ordezkarietan izango da herritarrik: Aiora Belartieta Lugañenen eta Enara Arruti Bantxa-n.

Eta uztailean zein abuztuan zehar, asteburuko bina jardunaldi izango dituzte eskifaiek. Atsedenik ez dute izango Zarauzko azken bi saioetara arte, hori abuztuaren 22an eta 23an izango da. Euskadiko uretan borrokatzeaz gain, Castro-Urdiales (Kantabria) eta Chapela zein Bueu herrietan (Galizia) ere izango dira nor baino nor ontziak.