Ford klasikoek hartu dute herria

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 6a

Ford etxeko auto klasikoen topaketa antolatu du Club Clásicos de Ford de España eragileak bosgarren urtez. Udalerrian egin dute aurtengoa. Egun osorako ekitaldiarekin gogotik gozatu dute parte hartzaileek. 

Goizean goiz juntatu dira 62 auto parte hartzaileak, Andatza plazan. Ordurako, baziren dagoeneko hainbat kotxe, enparantzan. Izan ere, ostiralean ailegatu ziren herrira gidari batzuk, eta gaua Lasarte-Orian pasa dutelarik, euren autoek gauza bera egin dute. Beste hainbat, aldiz, egun handian bertaratu dira, eta aparkatu aurretiko maniobrekin batera, argazkia atera dute, autoentzako photocallean. Ongietorriarekin batera, Aitonak okindegian gosaldu dute, egun osoko jardunaldiari begira, indartzeko asmoz. Era berean, iritsi bezain pronto, gidariek bazkarirako tiketa jaso dute, parte hartu izanaren oroigarriekin batera, besteak beste.

Ford kotxea izan ala ez, herritar orok izan du gerturatzeko aukera. Eta beta hori ederki aprobetxatu dute lasarteoriatarrek. Arean ere, Andatza plazara jende mordoa gerturatu da auto estatubatuar klasikoak gertutik ikustera. Klase, tamaina eta kolore sortarekin txundituta geratu dira. Begirada gehienak kotxe batek bereganatu ditu ehun urtetik gorako ibilgailua baitzen 62 parte hartzaileen artean.

Jarraian, Lasarteko zirkuitua egin dute kotxez. Hernani, Urnieta, Andoain eta Errekalde zeharkatu bitartean, makina bat lagun izan dituzte ikusle, batez ere, Mitxelingo zuzengunetik fabrikara talde argazkia egitera sartu direnean. 

Goizeko txandarekin amaitzeko, Mitxelingo langileek hitzaldi bat eskaini diete euren enpresaren historioaren inguruan, Manuel Lekuona kultur etxean. Tripak gosetuta zituztenez dagoeneko, kultur etxetik irtetean, hamaiketakoa egin dute denok batera, Andatza tabernan. Bazkaria segidan egin dute, Udaberri elkarte gastronomikoan. 

Arratsaldean ere hainbat ekitaldi eraman dituzte aurrera. Hasteko, oparien eta zozketako sarien banaketa egin dute, giro alai eta ederrean. Tenore horri helduta, Andatza plazan emandako kontzertuekin amaitu dute hitzordu ederrarekin. 

Erlazionatuak

Musikarekin amaitu dute topaketa

Txintxarri Aldizkaria eka 06, 19:42 Gizartea