ELAko idatziaren arabera, udal langileek hilabete luzetan egindako aldarrikapenetan aurrerapenik ez egotea salatzen dute eta udal gobernuak hartutako azken erabakiek egoera kezkagarri horretan sakontzen dutela nabarmentzen dute: "Lasarte-Oriako udal gobernuak Udalhitz berritzeko negoziaketara ez atxikitzeko erabakia hartu du, langileen zein udaleko gainontzeko alderdi politikoei entzungor eginez". Izan ere, apirilaren 20an, Udalbatzak mozio bidez onartu zuen Udalhitz berritzeko negoziaketara atxikitzea EH Bildu, EAJ, Podemos eta PPren aldeko bozkekin. PSE-EEek, berriz, abstentzioaren alde egin zuen. Eta ez hori bakarrik, ELAko langileen ordezkariek bultzatutako eta langileen gehiengo zabalak babestutako sinadura bilketari ere muzin egin dio gobernu taldeak.
Ondorioz, sindikatuko kideek azaltzen dutenez, Lasarte-Oriako udala EUDEL eta sindikatuen arteko negoziaketa horretara atxikitu ez den EAEko udal bakarrenetakoa izango litzateke.
Baina ELAko ordezkariek azpimarratu nahi dute gatazka ez dela soilik Udalhitzen auzira mugatzen: "Udal gobernuak urteak daramatza langileon lan baldintzak zein udalaren barne-antolaketa hobetzeko proposamenei erantzun egokirik eman gabe. Konpontzeko gaien artean daude, besteak beste, telelana arautzea, barne-sustapena, egiturazko lanpostuen hutsuneak betetza, gehiegizko lan kargak eta lan osasuna, enpleguaren egonkortasuna, zenbait zerbitzuren berrantolaketa eta eros-ahalmenaren galera gelditzea".
Horrez gain, langileok zein ordezkariek egindako proposamenak entzuteko borondate falta gero eta nabariagoa dela agerian jarri dute eta "udaleko hainbat sailetan dagoen ezinegona areagotu" dela. Egoera horrek guztiak, gainera, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuen kalitatean zuzeneko eragiten duela azpimarratzen du.
Horregatik, egoerak erantzun politiko argia eskatzen duela aditzera eman du ELA sindikatuak: "Gaur gaurkoz ikusten ez den borondate politikoa eskatzen du". Eta udal gobernuak langileen aldarrikapenei muzin egiten jarraitzen eta lan baldintzak hobetzeko borondaterik erakusten ez duen bitartean, langile asanbladak ekainean zehar asteazkenero, goizeko 11:00etan, elkarretaratzeak egitea erabaki duela jakitera eman du.
Azkenik, ELA sindikatuko ordezkariek idatziaren bitartez, eskerrak eman nahi dizkie "egoera hau iraultzeko konpromisoa hartu duten langileei", eta mobilizazioetan parte hartzeko deia zabaldu nahi die udal langile guztiei.