Semblante Andaluzek Andaluziako giroa ekarriko du hilaren 13an eta 14an, Atsobakar parkera

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 4a

Semblante Andaluzeko kideak eta Ainara Elicechea Kultura zinegotzia, Erromeriaren aurkezpenean.

Semblante Andaluz elkarteak Lasarte-Oriako Udalak lagunduta Rocioko Ama Birjinaren 31. Erromeria antolatu du. Hilaren 13an eta 14an, Atsobakar auzoko parkea andaluziar jantzi, doinu eta jakiez beteko da. Aurten berrikuntza bat izango da, techno flamenko saioa. Carlos Blanco elkarteko presidenteak eta Ainara Elicechea Kultura zinegotziak eman dute ekimenaren berri

Kaxkarroko eskolatik Atsobakarreko parkera, ekitaldi txiki batetik herriari zabaltzera, egun pasatik asteburura. 31 urte igaro dira orduko lehendakari Jose Perez Acostaren eskutik lehen erromeria antolatu zenetik. Carlos Blanco lehendakariak azaldu duenez: "Kaxkarron, egun pasa egiten zen. Haraino erromerian joaten ziren, zaldiekin eta sardina jana egiten zen. Hasieran txikia zen jaia, gure artean egiten genuen, kideen artean. Eta gaur egun asko zabaldu da, beste elkarteetatik eta erakundeetatik dator jendea".

Ohiko hitzordua bihurtu da herrian ekimena eta aurten ere ez du huts egingo. Beheko egitarauan zehaztuak dauden "betiko emanaldi eta dantza saioez" gain, berrikuntza bat dakar egitarauak: techno flamenko saioa. Blancok azaldu duenez: "Egitarauan jende gaztea erakarriko duen emanaldi bat txertatu nahi genuen, eta aurten larunbat arratsalde-gauean proposamen berria dakargu, techno-flamenko saioa. Probatuko dugu, ea zer moduz doan".

Erromeria antolatzeko udalaren laguntza eta baimenak beharrezkoak izan direla aipatu eta eskerrak eman dizkio Semblanteko lehendakariak udalari.

Ainara Elicechea Kultura zinegotziak eskerrak bihurtu dizkio elkarteko ordezkariari: "Eskerrak eman Semblanteri Lasarte-Oriara Andaluziako zati bat ekartzeagatik. Kultura eskaintza elkarteen lanarekin aberasten da eta lasarteoriatar guztiek horrelako ekimenez gozatzeko aukera dugu".

Azkenik, Semblanteko Andaluzeko kideek zein udal ordezkariak herritarrak gonbidatzen dituzte hilaren 13an eta 14an Atsobakarreko parkera hurbildu eta erromerian murgiltzera.

Egitaraua:
Larunbata, ekainak 13
  • 12:00etan, Tabernaren irekiera, sevillanekin eta rumbekin.

  • 13:30ean,  Amaia Gonzalez Caballero funky eskola taldearen emanaldia.

  • 14:30ean, Herri bazkaria (kaldereta).

  • 16:30ean, Errenteriako Concha Rociera abesbatzaren emanaldia.

  • 17:00etan, Errenteriako Concha Rociera dantza taldearen emanaldia.

  • 17:30ean, Embrujo Andaluz Irungo dantza taldearen emanaldia.

  • 18:00etan, Rumba klasea, Amaia Gonzalez Caballeroren eskutik.

  • 19:00etan, Asier eta Nerearen emanaldia.

  • 19:30ean, Carmen Vegasek zuzendutako Zambra, Al Alba, Azahar, Azabache eta Akelarre flamenco taldeen emanaldia.

  • 20:30ean, Techno flamenko saioa by DJ-INA-X.

Igandea, ekainak 14
  • 11:30ean, Tabernaren irekiera, sevillanekin eta rumbekin.

  • 12:00etan, Semblante Rociero koruak abesturiko meza rozieroa Arantzazuko Ama Parrokian.

  • 12:30ean, Irteera Ama Birjinaren erromeria, Parrokiatik Atsobakar parkera.

  • 14:00etan, Ohorezko ardoa agintari eta gonbidatuentzat.

  • 14:30ean, Herri bazkaria (paella).

  • 16:30ean, Carmen Vegasek zuzendutako Al Alba eta Sorayak prestatutako Jakaranda dantza taldeen emanaldia.

  • 17:00etan, Errenteriako Aljarafe abesbatzaren eta Alborea dantza taldearen emanaldia.

  • 17:30ean, Semblante Andaluzeko Duende dantza taldearen emanaldia.

  • 18:00etan, Semblante Rociero Abesbatzaren emanaldia.

  • 18:30ean, Sevillanak eta rumbak dantzatzeko.

  • 20:00etan, Zozketa.

  • 20:30ean, Ama Birjinari agurra, Salve Rociera Erromeriara bertaratu diren guztiek abestuta.

  • 20:30ean, Festa-amaiera.