"Gazteriaren etxea eta eskola izango da Ernai"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2026ko ekainaren 5a

Amaiur Izagirre eta Xuban Urdalleta, Xirimiri elkarteko atarian.

AMAIUR IZAGIRRE ETA XUBAN URDALLETA - LASARTE-ORIAKO ERNAI ERAGILEKO MILITANTEAK

Etsipen giroa gailendu den mundu honetan gauzak aldatzea posible dela aldarrikatu dute gazteek.

Ia urtebete iraun duen prozesua Bergaran egindako IV. Kongresuarekin itxita, etorkizunean egin beharreko lanerako indarra eta motibazioa eskuratu dute Lasarte-Oriako Ernai eragileko partaideek. Horietako birekin, Amaiur Izagirrerekin eta Xuban Urdalletarekin elkartu da TXINTXARRI aldizkaria.

Berriki egin duzue IV. Kongresua, Bergaran burututako ekitaldiarekin; 800 lagun baino gehiago elkartu zarete han. Zer-nolako balorazioa egiten duzue han hitz egin, landu eta bizitakoaz?

Xuban Urdalleta: Hori da, esan duzun bezala 800 lagun baino gehiago bildu ginen Bergaran maiatzaren 9an, ia urtebete iraun duen prozesua ixteko. Denbora horretan hainbat tarte hartu ditugu hausnartzeko eta lanketa luzea izan da: atzera begiratzeaz gain aurrera begira ere aritu gara. Emaitzak oso positiboak izan direla iruditzen zaigu, parte hartu dugunok ideia berriekin eta mentalizatuta atera garelako. Hori guztia biribildu genuen IV. Kongresuan.

Ia urtebete iraun duen lanketa horretan landu duzuen guztitik zer nabarmentzen duzue?

X.U.: Lehen esan bezala, egin genuen aurreneko ariketa atzera begiratzea izan zen urteotan guztiotan egindako ibilbidea errepasatu eta akatsak detektatzeko. Ondorioztatu dugu identitate garbia behar duela Ernaik eta hori islatzen jakin behar duela, nazio askapenaren mugimendua berriro ere erdigunera ekarrita. Aurreko urteetan gai gehiegiri heldu nahi izan genien, guztiei batera, eta aipatutako horretan zentratzea erabaki dugu. Horrekin batera, noski, gazteon behar eta kezkak politizatzeko ardura hartu dugu. Laburbilduz, Ernai zentratu eta zabala behar dugu, ahalik eta gazte gehien bildu nahi ditugulako.

Ponentzia berriak militanteen 
% 92aren babesarekin onartu dituzue. Zuen ustez, zein izan da horrenbesteko adostasuna lortu izanaren gakoa?

Amaiur Izagirre: Xubanek lehen azaldu duen bezala ia urtebeteko prozesua burutu dugu. Lehenengo momentutik oso motibagarria izan da militanteontzat, aurrera begira jartzeko egoera dinamiko eta aktiboa erakutsi digutelako. Aurkezpenak, irakurketak, emendakinak, herriz herriko taldeetan eztabaidak... ordu asko eta asko eman ditugu lanean. Ikusi dugunean urtebeteko ibilbidea paperean jasota, indarra eman digu eta askok babestu dugu bide hori.

Nolakoa izan da lanketa hori zuen taldean, Lasarte-Oriako Ernain?

A.I.: Gaur egungo taldea osatzen dugunotatik bik bakarrik bizi izan zuten aurreko kongresuaren prozesua. Beraz, berria izan da ia denontzat. Prozesuari ekin aurretik lau militante batu ziren, gainera. Militantziak asko ematen du, baina exijitu ere bai, eta oso polita izan da kide berriak testuinguru horretan ezagutzea. Usurbilen hasi ginen aurkezpen batzuekin eta geroko eztabaidak Lasarte-Oriako eta Andoaingo kideon artean egin ditugu; horretarako, espazio oso seguruak sortu ditugu partaideetako bakoitzak lasai asko esan zezan burura etortzen zitzaiona. Militante nahiz pertsona gisa hazteko prozesua izan da.

X.U.: Oso aberasgarria eta motibagarria izan da prozesu honetan parte hartzea eta balio izan digu eskualdeko jendearekin harremantzeko eta saretzeko. Baditugu espazio gehiago ere, baina hauek intimoak eta iritziak partekatzekoak izan dira.

A.I.: Bai, batez ere izan dira aisialditik kanpoko tokietan elkartzeko aukerak.

Eta kongresuaren ostean, zer?

A.I.: Gai asko landu ditugu jakina baina ideia nagusia Ernai zentratua eta zabala izatearena da. Zentratua, gehienbat, identitatea sortu, errotu eta erakusteko; eta zabala, orain arte zehaztutako mugak bota eta esparru gehiagotara iristeko. Horretarako, militantzia modua aldatu eta profil berriengana joko dugu. Ernai izango da gazteriaren etxea eta eskola.

X.U.: Norabide horretan, aldarrikatzen dugu Euskal Herriaren independentzia izango dela gaur egungo problematikei konponbidea emateko modua.

Lasarte-Oriatik bertatik hasita, mundu osoan garaiak ez dira samurrak eta konplexua da testuingurua. Horren aurrean, zeintzuk dira Ernairen borrokarako ildo nagusiak?

X.U.: Mundua hankaz gora dago: gerrak; ultraeskuinaren gorakada, arrisku izatetik errealitate bihurtzera igaro dena; faxistek feministen borrokan eragin nahi duten atzerakada; edota euskararen aurkako oldarraldia. Horren guztiaren aurrean Euskal Herri aske, euskaldun, sozialista eta feministaren alde borrokatuko dugu. Pertsona orori eta bereziki gazteoi zuzenean eragiten diguten gaiak landuko ditugu, adibidez, etxebizitzarena.

Etxebizitzarena da Lasarte-Orian bertan pil-pilean dagoen gaietako bat. Arazo hori eta detektatuta dituzuen gainerako guztiak nola landuko dituzue aurrerantzean herrian, kongresutik "motibatuta" irten ostean?

A.I.: Egin behar dugun lehenengo gauza da kongresuan landutako guztia gure herrian lurreratzea. Errealitatea eta testuingurua irakurrita nondik jo erabakiko dugu gero, kontuan izanda taldeko dinamika batzuk ere aldatu beharko ditugula. Kanpora begira lanean hasi aurretik, barrukoa aldatuko dugu. Helburua izango da normaltzat har daitezkeen egoerak eta jarrerak, matxistak esate baterako, normalak ez direla erakustea. Despolitizazioaren aurrean borroka dezakegula eta gauzak alda ditzakegula erakutsiko dugu.

X.U.: Dinamika berriak martxan jarri ahala unean uneko arazo eta problematikak identifikatuko ditugu, lantzeko. Despolitizazioarenari dagokionez, horrez gain, esango nuke etsipen giroa dela nagusi gazteariaren artean, den-dena dela iluna eta ez dugula argirik ikusten; ezin dugula ezer egin. Guk aldarrikatzen dugu baietz, posible dela, antolatu eta borrokatuz gero. Gure taldea bera da horren adibide.

Lasarte-Oriako Ernain militatzen hasi nahi dutenek nola jar daitezke zuekin harremanetan?

X.U.: Instagram kontua izan daiteke horretarako aproposa, @ernailasarteoria.

A.I.: Eta bestela, herriko jendea garenez, etor daitezkeela Ilargi tabernara, Xirimiri elkartera... Bertan aurkituko gaituzte. Askoz politagoak iruditzen zaizkigu aurrez aurreko harremanak hastea eta horrela saretzea.

X.U.: Hori da, etor daitezela inolako beldurrik gabe. Ez gara talde itxia, guztiz aurkakoa baizik.

A.I.: Bizitzarako harremanak sustatzea ere politika da eta Ernaiko kide izatea bizitzeko modu bat da.