Eguzki AFko ordezkariek hiru finaletatik bi irabazi dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2026ko ekainaren 2a

Areto Fubol zaletuek lehia zirraragarriez gozatu zuten, hilaren 29an eta 30ean, Maialen Chourraut kiroldegian. Eguzki AFko ordezkariek maila eta txapelketa ezberdinetako finalak jokatu zituzten eta hirutik birekin irabazi zuten garaikurra

Erregional I. mailako Kopako finalak eman zion hasiera asteburuari. Eguzki ISU Leihoak-ek Anoeta izan zuen aurrez aurre eta etxekoek ez zuten hutsik egin. Lehia estua penaltia sartuta hautsi zuen etxeko taldeak. Bigarren gola ere egin zuen eta aurkariak presioa sartzeko, 2-1eko egin zuen. Herritarrek, ordea, ongi erantzun zuten eta beste bi gol eginez, kopa etxean utzi zuten. 

Hurrengo egunean, kadete zein gazteen mailako Gipuzkoako txapelketako finalen txanda izan zen.

Eguzki Escalerilla eta Lauburu Ibarrak hasi zuten jardunaldia kadete kategoriako lehiarekin eta penaltietara iritsi ziren araututako denboran launako berdinketa eskuratzean. Etxekoek, ordea, ez zuten zorterik izan zigor puntutik eta 2-4koarekin ibartarrek eskuratu zuten garaipena.

Final eta final artean, Jalgune elkarteko kideek eta Eguzkiko jokalari zein gurasoek ere neurketa ederra jokatu zuten.

Ondorenean, gazteen mailako Laskorain-Eguzki Lekuona tailerrak partida lehiatu zen; Lasarte-Oriako taldeak kanpoko modura jokatu zuen. 

Norgehiagoka berdindua izango zela zirudien arren, hori-beltzek ongi baliatu zituzten aukerak eta markagailuan 0-2 aurreratu ziren. Aurkariak bitan errenta murriztu zuen (1-2 eta 2-3). Alabaina, herriko ordezkariek ez zuten ligako txapela ihes egitea nahi eta beste bi goli esker garaipenari eutsi zioten.

* Lehen bi irudiak: Eguzki AF. Galerian, Erregional I. Mailako eta Kadete mailako finalak.

Atsedenik ez

Talde hori-beltzeko kideek oraindik ez dute denboraldia amaituko. Infantil eta kadete mailako taldeek hilaren 5etik 7ra, 16 eta 14 urtez azpiko Kluben arteko Espainiako txapelketako lehen fasea jokatuko dute, Ourensen (Galizia) eta Cartagenan (Murtzia), hurrenez hurren eta hilaren 19tik 22rako azken faserako txartela borrokatuko dute.

Bestetik, Eguzki Lekuona tailerrak gazteen mailako Euskadiko Kopako final laurdenei egingo die aurre. Bilboko Otxartabe izango dute aurkari eta Bilbon (Bizkaia) hilaren 13an eta 14an jokatuko den lauko finalerako sailkapena izango du jokoan.