Danok Kide elkarteak eta udalak aurrera eramaten duten emanaldi digitalen zikloaren barruan emango dute gaur Turandot, kultur etxean, 19:00etatik aurrera; hilabete honetako emanaldi sorta luzeko aurreneko jarduera izango da.
Zabaletako festak amaitu eta hurrengo egunean hasiko da Kukuka eskolako kideen 24. Antzerki eta Dantza Astea. Bi diziplina horiek kurtso osoan zehar landu dituzten ikasleek prestatutakoa erakutsiko dute kultur etxeko oholtzan, hilaren 8tik 13ra. Egun bakoitzeko emanaldiak doakoak izango dira. Horien ostean eta jarduera zein ikasturtea giro ederrean ixte aldera, datorren asteko larunbatean dantzaldia antolatu dute 17:30etik aurrera.
Kurtsoa bukatzeko emanaldiak
Eragile askok hilabete honetan itxiko dute ikasturtea, eta, horren aurretik, kontzertuak eta dantza emanaldiak antolatu dituzte. Alboka Abesbatza izango da aurrenekoa: 13an ariko da Ama Brigitarren komentuan, 19:30etik aurrera. Hurrengo egunean, aldiz, Zero Sette Akordeoi Orkestrakoek joko dute Okendo plazan, 12:30ean.
Udal Musika Eskolako kideek bi kontzertu emango dituzte hilaren 16an eta 17an, kultur etxean. 19:00etan eta 18:30ean hasiko dira, hurrenez hurren. Biharamunean igoko dira areto horretako oholtzara Udal Dantza Eskolako ikasleak, 17:30ean.
Azkenik, Erketz EDT dantza taldeko lagunek Okendo plazan erakutsiko dute aurten landutakoa, hilaren 20an, 19:00etatik aurrera.
Liburu aurkezpena
Literaturak ere izango du tokia hilabete honetako agendan. Hori horrela, hilaren 18an Zainetatik zilarra poema liburua aurkeztuko du Nahia Intxausti idazle lasarteoriatarrak, Antonio Mercero aretoan, 18:30ean. Zortzi egun lehenago kurtsoko azken solasaldi literarioa gidatuko du Monica Leivak: bertaratzen direnek Sandor Marai idazlearen El último encuentro eleberria landuko dute 18:00etatik 20:00etara.
Hileroko programazioetan horren ohikoak ez diren generoak ere badaude, hala nola bakarrizketarena. Y tú: ¿TIenes pueblo? ikuskizuna ekarriko du Fran Pati umoristak herrira hilaren 13an. 19:00etan hasiko da emanaldi hori.
Bestalde, urteroko ohitura berritu eta San Joan bezpera ospatuko dute hilaren 23an, 21:30etik aurrera. Erketz EDTko dantzariak eta udal korporazioko kideak udaletxe zaharretik Andatza plazara joango dira, kalejiran. Soka dantza eta beste saio batzuk egingo dituzte han, Zero Settek eta Albokak musikaz girotu bitartean. Ondoren, sua piztuko dute.
Udalak antolatutako ekimen guztiak Agenda atalean jaso ditugu.