Errugbi eskolako haurrek eta euren senideek eman diote hasiera jardunaldiari. Atsobakarreko kirolgunean bildurik, jolasean aritu dira, eta jarraian, lehia berezia eman da haurrak helduen aurka neurtu baitira, giro alaiean. Goizeko txandarekin amaitzeko, hirugarren denboraz gozatu dute denek batera.
Bazkalorduan, menu goxoa dastatu dute, hots, paellaz. Kirolgune barruan mahaiak ipini, eta arratsaldeko jaiari gogoz heltzeko indaberritu dira.
Oroimenezko torneari ekiteko, Gaztedi RT eta Beltzak Lasarteorians klubak neurtu dira. Erakustaldi ederra eskaini zuten lasarteoriatarrek; jokaldi biziak eta ensaio ikusgarriak. Partida etxekoek irabazi dute.
Omenaldia
Jardunaldi ederrarekin amaitzeko, sari banaketa egin du Antonio Vegak. Klubeko hildakoen familiei lore sortak eman dizkiete, hasteko. Ondoren, jokalariei oroigarriak eman zaizkie kirolari jatorrena edo erretxinena izateagatik, besteak beste. Beltzak RTeko harrobian hasi eta ibilaldi fina egiten ari den Eneko Sanchez ere gogoan izan dute. Torneoko irabazleak izateagatik, Izar Beltzak saria jaso du Beltzak Lasarteoriansek. Gogotik ospatu dute garaipena. Tarteka, Oreretako Hoku-Kai taldeak dantza polinesiarrak eskaini ditu.
Eguna biribiltzeko, trikitixaren eta panderoaren doinu artean, hirugarren denbora egin eta Zubietako Iruin sagardotegian afaldu dute.