Altamiran erabakiko da dena

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 31

Ostadarrek eta Ordiziak husna berdindu dute Ohorezko Mailara igotzeko kanporaketako joaneko partidan. Urdin-beltzak gogotik saiatu dira kanpokoen atea zulatzen baina ez dute asmatu, eta datorren astean irabazi beharko dute duela hamalau urteko balentria errepikatzeko. Norgehiagokaren aurretik Mikel Etxarri entrenatzaile lasarteoriatarra omendu dute, bere ibilbide eta lan oparoagatik eskerrak emateko.

Gizonezkoen Txapeldunen Ligako finalaren ordu berean hasi zen Ostadarren eta Ordiziaren aurkako neurketa. Michelingo zelaian bildu ziren jokalari, entrenatzaile eta zaleentzat askoz gehiago zegoen jokoan bertan Budapest-en baino eta nabaritu zen, batez ere, hasierako minutuetan. Bi taldeak oso kontzentratuta irten ziren eta aurreneko jokaldiak baliatu zituzten barruan zeramaten adrenalina (eta bide batez, hankak eta buruak) askatzeko.

Epaileak partidaren hasiera iragarri aurretik, parez pare jarri ziren Ostadarreko zein Ordiziako jokalariak eta entrenatzaileak, erditik igaro zen Mikel Etxarri entrenatzaile herritarra txalo artean hartzeko. Ohorezko Mailara igotzeko kanporaketako joaneko partidaren ataria erabili zuten bere ibilbide eta lan oparoagatik eskerrak emateko. Hunkituta jaso zuten aitortza protagonistak eta baita senideek ere. Gipuzkoako harrobiko futbolaren alde egindako jardunaren erakusgarri izan zen, besteak beste, atzoko norgehiagoka.

Altamirako partida erabakigarrira abantailarekin joaten saiatu ziren etxekoak nahiz kanpokoak baina ez zuten arerioaren ate aurrean asmatu. Hori horrela, berdinketa horren emaitza txarra ez dela pentsatu eta datorren asteko neurketa prestatzen hasiko dira. Jon Irureta eta Javi Olaizolaren mutilek kategoriaz igo nahi dute eta duela bi urteko arantzatxoa kendu, ezin izan baitzuten Aloña Mendi garaitu eta duela hamalau urteko balentria (orduko horretan igo zen Ostadar aurrenekoz, Zumaiako 4-3 mendean hartuta). 90 minututan edozer gerta daiteke, baina, denboraldi osoan zehar erakutsi dutenez, gogo eta lan faltagatik behintzat ez da izango.