Diziplina ugari biltzen ditu Ostadar SKTk, kirol mordoa. Besteak beste, ipar martxa, futbola, saskibaloia, atletismoa, txirrindularitza. Horiek denak balioan jartzeko eta 2025-26 ikasturtea ospatzeko, jaia antolatu du klubak, Oriarte institutuan.
Lehenik eta behin, Isaac Farré argazkilaria omendu dute. Imajinen bidez jaso ditu herriko makina bat ekitaldi, jai ugari Farrék, zortzi urtez. Egindako ibilbidea aitortzeko, eta Ostadarrekin izandako harremana eskertzeko, ilustrazio bat oparitu diote.
Jarraian, diziplina oroko kirolari jatorrenen sariak banatu dituzte. Betiko legez, saridunek alfonbra gorria zeharkatu dute oroigarria jasotzeko.
Ondotik, Kirol Ibilbidearen saria jaso du Ander Bardaji atezain ohiak. Kategoria hori aurten eman dute lehenego aldiz. Kirolari onenarena, aldiz, Realeko jokalari Jon Martini eman diote. Espainiako Selekzioarekin lanean diharduelako, bere neba Xantik jaso du oroigarria. Herritik eta herriarentzat egindako lanagatik, Jesus Mari Egizabal izan da aurtengo Auzolan saria. Eskertuta, mikrofonoa hartu eta hitz batzuk esan ditu Egizabalek
Ekimenarekin era goxoan amaitzeko, errugbiaren ezinbesteko elementu den hirugarren denbora prestatu dute Beltzak RTko beteranoek. Txistorra eta edateko freskagarria edo ura. Primeran amaitu du denboraldia Ostadar SKTk.