Enparantza nagusian bilduta, Naizen eta Bizipoza Elkarteek manifestu bateratua leitu dute, jaiarekin hasi aurretik.
Naizen Elkartearen historiari buruz aritu dira. Izan ere, adierazi dute 2015ean sortu zela taldea, eta Chrysallis EH zuela izena, garai hartan. Hastapenei buruzko azalpenei jarraiki, jakinarazi dute maitasuna eta ezagutza dituztela trans haurrek bizitza duina izateko aldarriaren ardatz.
Maitasunak maitasun, adierazi dute maitasunetik abiatzea erabaki zutela hasiera-hasieratik, nahiz eta batzuetan ulertu gabe aritu edo zalantzaz beterik jardun. Ildo horretatik partituta, gaineratu dute "babesa eta sare emozionala" topatu dituztela, urteotan, elkartean. Era berean, ezagutza ere jaso, eta jakintza hori "giltzarri" izan omen dute ulertzeko, baita haur transen errealitatea ikusarazteko ere.
Naizenen ibilbideari eta baloreei errepasoa eginda, azken hamarkadan jazotako aldaketak ekarri dituzte gogora. Finean, duela hamar urte, "pentsaezinak eta ikusezinak" ziren zakila zuten neskak eta bulba zuten mutilak, taldearen arabera. Hori ez ezik, gaineratu dute "inposatutako mozorro baten barruan" bizi zirela, zigortu egiten baitzitzaien, zuzendu. Errealitate hori aldatzeko, helduak haur transak entzuten hastea gakoa izan dela uste dute elkartekideek. Haur transen bizi-kalitatea hobetzeko, "ikustea, ikusia izaten uztea eta laguntzea" izan ziren "formularik onena". Ildo beretik, Ikus dezadan abestiaren zenbait esaldi gogora ekarri dituzte: "Bil nazazu zure begiradan, ikusten nauzula ikus dezadan".
Egindako lanari esker, egun, beren sexu-identitatea errespetatua eta onartua duten lehen belaunaldia izan, badela aitortu dute Naizeneko kideek, baina oraindik lan asko egiteko dela ere bai. Izan ere, pauso garrantzitsuak eman diren arren, aditzera eman dute dena galtzeko arriskua existitzen dela; besteak beste, zenbait lekuetan eskubideak ukatu zaizkie trans pertsonei, gorroto-delituen gorakada ere ematen ari da. Hori dela-eta, borrokan jarraituko dutela berretsi dute Bizipoza eta Naizen Elkarteek.
Manifestuarekin amaitzeko, Ekai Lersundiren hitzak leitu zituzten: "Horrek guztiak bidea erraztu dezala atzetik datozenentzat":
Jaiarekin amaitzeko, bi abestirekin dantza egin dute Gazteklubako haurrek, hau da, Ikus dezadan eta Naizenen abestiekin.