Izan direna gogoratzeko eta izango direna eraikitzeko lekua inauguratu du Lasarte-Oriako EAJk

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 30a

"Urte askotako lanaren eta bidearen ospakizuna" egin dute Hipodromo etorbideko egoitza inauguratu berriaren bueltan. Lasarte-Oriako EAJko buru Estitxu Alkortak, Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakari Euge Arrizabalagak eta EAJko lehendakari Aitor Estebanek parte hartu dute ekitaldian. Aitortza hunkigarriak egiteko ere baliatu dute aurkezpena: Luis Mari Ansa, Mari Jose Egurza eta Juan Mari Alkorta zenari "ziurgabetasunez betetako uneetan aurrerapausoa egin izana" eskertu diete.

1932ko abuztuaren 17an ireki zuten Lasarteko EAJren batzokia. Ia 94 urte geroago, jeltzaleen eta eurengana bertaratu nahi duten herritarren topaleku berria inauguratu dute, Hipodromo etorbidean. "Gaurkoa ez da ekitaldi soil bat, aitortza eguna izatea nahi dugu: garai zail eta nahasietan, konpromisoz eta isilean egindako lana balioan jartzeko", nabarmendu du Alkortak. "Gorabehera asko izan ditu alderdiak historian zehar, batez ere, zatiketaren ostean berreraikitzerakoan", gehitu du. Une horietan ardura hartu eta lan "eskerga" egin zuten alderdikideak omendu dituzte segidan: Luis Mari Ansa, Mari Jose Egurza eta Juan Mari Alkorta. Duela bi hilabete hildako aitaren izena esan duenean bereziki hunkitu da alaba. Horrez gain, zendutako Manolo Arroyo afiliatua ere gogoratu dute.

Ansa, Egurza eta Alkortaren laguna altxarazi dituzte segidan, batzoki alboko ikurrina altxatzera. Horien ostean, lore sorta bana eman diete Alkortak, Arrizabalagak eta Estebanek. Jarraian, Aurreskua dantzatu diete. Horren ostean, Alkortak azaldu du "ibilbide luzea" duela Lasarte-Oriako alderdiak: "1930ean sortu zuten Lasarte eta Oriako Uri Buru Batzarra". Ibilbide historiko horren mugarri gehiago azaldu ondotik, aurtengoa "oso urte berezia" dela adierazi du, udalerriaren nortasuna finkatu zuten bi gertakari duela lau hamarkada jazo zirelako: "Lasarte-Oria udalerri independente gisa eratu zuteneko eta aurreneko Euskararen Maratoiaren 40. urteurrena da". 

Arrizabalagari eta Estebani hitza eman aurretik, etorkizunera begiratu du Lasarte-Oriako EAJko buruak: "Beldurrik gabe hurbiltzera animatzen zaituztet, batez ere belaunaldi berrietako kide zaretenoi: ekarpenak egitea, ideiak proposatzea eta ikuspegi kritikoz gauzak zalantzan jartzea beharrezkoa izango da aurrerantzean ere. Zuei dagokizue parte hartzea, zuen ideiak defendatzea eta gure herriaren etorkizuna eraikitzen jarraitzea".

EAJren "balioa eta indarra"

Arrizabalagak zein Estebanek defendatu dute EAJ dela "Euskadi eta euskal nazioa" den bezalakoa eraikitzearen erantzule nagusia; horrekin batera, alderdi jeltzalearen "nortasuna, balioa eta indarra" aldarrikatu dituzte: "Beste batzuek ez bezala lotsarik gabe begiratzen diogu gure iraganari; badakigu nondik gatozen, nor garen eta nora goazen". 

Batzokiaren inaugurazio politikoa baliatu dute Euskal Herrian gaur-gaurkoz duten arerio politiko nabarmenena kritikatzeko; EH Bildu, alegia. "Alderdi plurinazionala dela diote eta zer esan nahi du horrek? Ba euren begirada Espainiar Estatuan jarrita dutela, Pedro Sanchezen alboan. Gure markoa ez dago hor, Euskadin eta euskal nazioan baizik". Gaur goizean Bilbon izan den PP alderdiarengan ere jarri dute begirada: "Minutu batzuez gutxienez hitz egingo zuten gutaz eta gogor kritikatuko gintuzten. Eta nortzuengandik jaso behar ditugu ba kritika horiek? VOX alderdi ultraeskuindarrarekin batera gobernatzen ari diren horiengandik?". 

Mitinak amaituta, talde argazkia atera dute Estebanek, Arrizabalagak, omenduak izan diren alderdikideek eta Lasarte-Oriako EAJko hiru zinegotziek. Horren ostean, batzoki inauguratu berriko ateak ireki eta ekitaldira bertaratu direnetako asko sartu dira lokala ezagutzera. Ondoren, berriz ere irten eta mokadutxoa jan dute.