Herriko atletek domina poltsa handitu dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 27a

Ezkerretik eskuinera, Nahia Garcia, Amelie Flores, Alaia Romero eta Mari Carmen Olaso herritarrak, podiumetan. Arg.: Ostadar Atletismo/I. Romero/ MC Olaso.

Lasarte-Oriako atletek hitzordu bikoitzari egin zioten aurre, hilaren 23an. Euskadiko Kirol Jokoetan zein Gipuzkoako txapelketan izan ziren nor baino nor herriko kirolariak eta bietan izan zen dominarik

Goizean, gazteenek Euskadiko Kirol Jokoei egin zieten aurre. Ostadar SKTko Nahia Garcia (jauzi hirukoitza) eta Amelie Flores (80 m. hesi lasterketa) zein Real Sociedad taldeko Alaia Romero (150 m. lasterketa eta 4x80 m. erreleboa) Gipuzkoako Selekzioarekin izan ziren lehian eta hirurak euren probetako podiumetara igo ziren.  

Arratsaldean, aldiz, 20, 18 eta 16 urtez azpiko zein master mailako Gipuzkoako txapelketako azken jardunaldia lehiatu zen, Arrasaten.

Jauzi hirukoitzeko zein 3.000 lasterketako probetan parte hartu zuten Ostadar SKTko kideek eta Mari Carmen Olaso herritarrak eta lehen postuetan izan ziren.

Emaitzak honakoak izan ziren:

Euskadiko Euskal Jokoak

  • Nahia Garcia (Ostadar SKT):
    • Jauzi hirukoitza - 1º
  • Amelie Flores (Ostadar SKT):
    • 60 m. hesi lasterketa - 1º
  • Alaia Romero (Real Sociedad):
    • 150 m. lasterketa - 1º
    • 4x80 m.erreleboa - 1º

Gipuzkoa txapelketa

  • 16 urtez azpikoa
    • Nahia Garcia (Ostadar SKT):
      • Jauzi hirukoitza - 1º
  • 18 urtez azpikoa
    • Irati Gallego (Ostadar SKT):
      • Jauzi hirukoitza - 1º
  • 20 urtez azpikoa
    • Oinatz Almagro (Ostadar SKT)
      • Jauzi hirukoitza - 1º
  • F55 Master maila
    • Mari Carmen Olaso:
      • 3.000 m, lasterketa - 1º

Espainiako txapelketara

Horrez gain, Ostadar SKTko arduradunek jakinarazi dutenez, taldeko Amelie Flores eta Eider Redondo kideek euren kategoriako Espainiako txapelketetan parte hartzeko markak dituzte. Ekainean eta uztailean izango dituzte hitzorduak.

Floresek 16 urtez azpiko 80 metro hesiko gutxienekoa du eta Redondok 18 urtez azpiko proba konbinatuetako lehiaketan egiteko txartela eskuratu zuen hilaren 23an, Barbastron (Huesca, Aragoi) bere marka pertsonala onduz (4.522 puntu).