LOKEko gimnastek, lan ona Euskadiko Euskal Jokoetan eta Euskadiko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 27a

Ezkerrean, Euskadiko Jokoetan izan zen Aiala Jimenez (bigarrena ezkerretik). Eskuinean, jubenil taldeak. Arg.: LOKE Gimnastika.

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) gimnastak Euskadi mailako txapelketetan lehiatu ziren hilaren 23ean eta 24an eta euren balioa erakutsi zuten

Lehena tapizera ateratzen Aiala Jimenez izan zen. Hilaren 23an, Euskadiko Kirol Jokoetan parte hartu zuen infantil A kategorian gazteak, Eskoriatzan. Soka eta uztaiarekin egin zuen lan LOKEko ordezkariak eta maila handiko lehia izanik, ezin izan zuen lehen postuetan egon.

Hurrengo egunean, Jubenil A eta B mailako taldeek Amateur kategoriako Euskadiko txapelketako lehen saioari egin zioten aurre; mazoekin egin zuten lan.

Lehenen kasuan, seigarren postuan amaitu zuten lehia. Entrenatzaileek azaldu digutenez, astean zehar gimnasta batek min hartu eta kide berri bat sartu behar izan dute: "Osaera berriarekin bi entrenamendu bakarrik egin ahal izan dituzte. Hala ere ongi erakutsi dute egindako lana".

B mailako kideei dagokionez, hamahirugarren sailkatu ziren. Tresna horrekin lan egiten duten lehen urtea dela nabarmendu dute elkarteko prestatzaileek: "36 talde ziren eta postu onean amaitu dute mazoekin lehen urtea izateko".

LOKEko arduradunak pozarren daude gimnasta guztiek urtean zehar egindako lanarekin: "Kode berria izan dugu bai kirolari, bai entrenatzaileentzat. Gainera, jubenilek ere tresna berriari egin diote aurre".

Baina ez dira lehiaketak amaitu, hilaren 30ean, Amateur mailako bigarren saioan, Kadete B taldea izango da lehian.