Ostadar Boleibola, lehiakor I. Nazional Mailarako igoeran

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 26a

Hilaren 21etik 24ra I. Nazional Mailara igotzeko fasea lehiatu da Valladoliden (Gaztela eta Leon). Euskal Ligako txapeldun modura, Ostadar SKTko taldea izan da lehian txapelketan. Puntu batengatik ezin izan du igoera emango liokeen azken fasea jokatu eta seigarren sailkatu da

CV Pontevedra (Galizia), CV La Calzada (Asturias), EDM Cartes (Kantabria) eta CVC Vacceas (Gaztela eta Leon) taldeen aurka aritu zen B multzoan lehen bi postuetan sailkatzeagatik. Aurkariez gain, beroa ere arerio izan zutela aipatu du Asier Acuriola taldeko entrenatzaileak.

Hilaren 22an Galiziarren aurka 3-2ko garaipena erdietsi ostean, gerora txapeldunorde izango zen Asturiaseko La Calzadaren aurka 0-1 aurreratu zen Ostadar, baina jokalariek ezin izan zuten erritmoa mantendu eta azkenean 3-1 galdu zuten.

Hurrengo egunean, lehen neurketan lehia estua izan zuten Valladolideko Vacceasen aurka; etxekoak 15-12 tie-breakean gailendu ziren. Faseari amaiera emateko Kantabriako Cartes izan zuten aurkari. Nahiz eta kantabriarrek 0-1 aurrea hartu urdin-beltzek ongi jokatu eta borrokatuta 3-1 irabazi zuten.

Igoera ziurtatzen zuten azken faserako atarian geratu zen talde urdin-beltza; multzoko hirugarren geratu zen puntu batengatik.

Eta hori dela eta, bosgarren postua erabakiko zuen lehia jokatu zuen Ostadarrek. CV Sestaoren aurkako euskal derbia izan zen eta 2-0koari itzulia emateko zorian egon zen Lasarte-Oriako taldea. Azkenean, 3-1 irabazi zuten bizkaitarrek.

Asier Acuriola entrenatzaileak azaldu duenez, harro daude jokalariek egindako lanarekin: "Taldeak lehiakorra dela erakutsi du aurkari guztien aurka. Izan ere, aurtengo denboraldian zentzu askotan hazi eta garatu da. Prestatzaile fisikoa izan dugu eta bigarren entrenatzaile modura Paula Martinez ere aritu da; zuzendaritza lanetarako osagarri bikaina izan da".

Gainera, Ostadarrek egindako balentria ere ekarri du gogora prestatzaileak: "Sailaren ibilbide motzean —2019an jarri zen martxan— lehiaketa horretara iristen den lehen aldia da eta Gipuzkoako bigarren taldea da maila horretara iristen dena; aurretik CD Fortunak bakarrik lortu du".

Emaitzak honakoak izan dira:

Multzoko fasea
  • Ostadar SKT 3-2 CV Pontevedra
  • CV La Calzada  3-1 Ostadar SKT
  • Ostadar SKT 2-3 VCV Vacceas
  • EDM Cartes 3-1 Ostadar SKT
 5. postuarengatik partida
  • CV Sestao 3-1 Ostadar SKT

Argazki galeriako irudiak: Ostadar Boleibola