Osasun arreta zerbitzuek medikurik ez izateak herritarren osasuna arriskuan jartzen duela salatu dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 26a

Atzoko elkarretaratzea. Argazkia: LOOPA plataforma.

Donostialdeko ESI Erakunde Sanitario Integratuetako egoera salatu dute Donostiako Andia kalean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Zentro horretako Etengabeko Atentzioko Puntuetan (EAG) mediku falta handia dagoela jakinarazi eta honakoa ohartarazi dute: ez dutela onartuko Osakidetzaren "narriadura planifikatua".

Duela hilabete pasatxo Donostiako Ospitalearen aurrean kontzentratu ziren osasun publikoaren aldeko plataformetako ordezkariak, jakinarazteko duela EAGetako bi urtetako txanden % 36,4etan ez zela medikurik egon. Horrekin batera, Donostialdeko ESIaren kudeatzaile Maite Martinezi bilera eskatu zioten. Ez die erantzun oraindik.

Profesional medikurik gabeko EAGek herritarren osasuna arriskuan jartzen duela eta ekitatea hausten duela salatu zuten atzoko ekintzan. "Gisa horretako arreta zerbitzuak izatea normalizatuko al dugu? Greba egoeran eman beharreko zerbitzu minimoak ere betetzen ez dituen zerbitzu batekin konformatuko al dira Osakidetzako arduradunak?", galdetu zuten. 

Arduradunen "hitz politen" aurrean, errealiteateak aurkakoa erakusten duela adierazi zuten: "Gero eta aseguru pribatu gehiago kontratatzen ari dira, zerbitzu publikoen hondatze sistematikoagatik". Horri lotuta, uda honetan gerta daitekeenari buruz hausnartu zuten: "Dagoeneko murriztu dutena are gehiago murriztuko ote dute?". 

Elkarretaratze horretara bertaratu ziren plataformetako bat izan zen LOOPA Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde. Amaitu aurretik iragarri zutenez, mobilizazio gehiago egingo dituzte "laster" gure herrian bertan, Donostian eta Errenterian.