Oaintxe in deu! txarangaren hamargarren urteurrenaren harira antolatu zuten lehenengo Txaranga Eguna, iaz. Harrera beroa izan zuen ekitaldiak. 2025ean hasitakoari jarraipena egin diote txaranga berekoek, aurten, eta hainbat berrikuntza egin arren, pasa den urtekoari irmo heldu diote, hots, musikari eta giro alaiari.
Hamaika doinu txistulari taldearekin batera hasi da eguna. Erdigunetik barrena, kaleak esnatu dituzte musikariek, eta beroketa lanetan jarri dituzte herritarrak. Izan ere, askok txistu doinuak entzun eta Okendo plazara gerturatu dira, berehala, festari ekiteko gogoz. Enparantza berean, instrumentuak egiteko tailerrarekin ederki pasa dute haurrek; helduek ere bai, noski. Klarinetea, saxoa edota tronpeta. Aukeran, hiru musikagailu horietako bat lortzeko aukera izan dute. Oaintxe in deu! taldekoek dinamizatu dute tailerra. Musikari apartak direla erakutsiz, tresnak nola jo irakatsi diete txarangeroek etxeko txikienei.
Tailerrak tailer, herriko txarangarik beteranoak emanaldia eskaini du, jarraian. Erdigunea musikatu, eta haiekin batera zetozen herritarrak dantzan jarri dituzte. Kurioski, txarangazalez osaturiko taldea ere izan da, publiko artean. Sareen bidez ekimenaren berri jaso zutelarik, Bizkaiatik; Gipuzkoatik eta Kantabriatik gerturatu da Camperflow izenarekin deituriko multzoa, hamar bat furgonetan. Bluxa bereziarekin atonduta, herritarrekin batera ederki pasa dute.
Txaranga bakoitzak bi orduko boloa eskaini du. Guztira sei taldeek parte hartu dute, eta euskaldunak ez ezik, estatukoak ere izan dira. Oaintxe in deu!k bukatuta, Astigarragako Kita del Parek alaitu du bazkalorduko potea; Buenetxea, OKS eta Patricio tabernatan. Ondotik, Teruelgo Los Espontáneosek bazkalostea dantzan eta kantuan jarri ditu garai bateko abestiak interpretatuz. Iruñatik etorri da Goxo Txaranga, eta Tafallatik Malatxo. II. Txaranga Egun biribileko azken txandarako, zita berezia. Arean ere, herriko Arranopola txaranga gazteak emanaldi berezia eskaini du iazko Txaranga Egunean debutatu baitzuten. Urtebetetzea ospatzeko; koloretako gorroekin, bandekin eta girlandekin apaindu dira. Lagunez, ezagunez eta senidez beteriko jendartean, gogotik ospatu dute gazteek euren historiako lehen urtea. Eta haiekin batera, tradizio bihurtuko den hitzordu musikatua amaitu da.