LGTBIQ+ kolektiboa osatzen duten pertsonen nazioarteko harrotasunaren eguna da ekainaren 28a. Urtero-urtero, mundu osoan zehar egiten dituzte manifestazioak eta ekitaldiak, baita Lasarte-Orian ere. Aurreko urteko agerraldian, gure udalerriko Transmaribibollo Kolektiboko kideek saretzeko deia luzatu zuten, eskubideen defentsan saretzeko. Ildo horretatik, ikasturte hasieran prozesua jarri zuten martxan Hiruki Larroxa kooperatiboko kideen laguntzarekin eta eragile ugarik lan egin dute horretan: Transmaribibollo Kolektiboa bera, Bizipoza, Ernai, Landaberriko guraso elkartea, GKS, Mugimendu feminista, Ostadar SKT, Sorgin Jaiak, Ttakun Kultur Elkartea eta Zabaleta Auzolan. "Beste hainbatek ezin izan dute prozesuan parte hartu baina etorkizunean batzeko asmoa adierazi dute", azaldu dute Mirentxun egindako agerraldian. Egindakoaren xehetasunak emateaz gain, Kolektiboki entzun eta erantzun! Lasarte-Oriako protokolo komunitarioa lelodun afixa erakutsi dute. Jarraitu aurretik eskerrak eman dizkiete Hiruki Larroxako lagunei, "ideia eta sentsibilitate ezberdinak entzun eta prozesua bideratzeko izandako gaitasunagatik".
"Tresna zabalago bat"
"Azken urteetan Transmaribibollo Kolektiboak jaso izan dituen erasoei erantzutean izandako zalantzek" motibatu dituzte aipatu prozesua martxan jartzera. "Zorionez, elkarrekin lanean hastean ikuspegia hedatu eta tresna zabalago bat lantzen hasi gara", azaldu dute. Izan ere, mahaiaren bueltan eser diren eragile guztietako kideek izan dute mota ezberdinetako erasoen berri euren eremuetan: aisialdia, kirola, festak, eta abar. "Guztiok izan ditugu zalantzak horiei nola erantzun erabakitzerako garaian".
Lan egin bitartean ondorioak atera dituzte, besteak beste, hauxe: "baliotsua" dela edozein motatako erasoen aurrean, hori pairatu duenak "erreferentziazko kanal garbiak" izatea eta eragileek koordinatuta lan egitea. "Baina ez hori bakarrik: erasotua izan denaren anonimotasuna zaindu nahi dugu, prozesuan akonpainatu nahi diogu eta, bere gogoaren arabera, guztiok batera erantzun nahi dugu, koherenteki eta koordinatuki".
Festa garairako behin-behineko protokoloa
Egindakoaren emaitza oraindik amaituta ez badago ere, ilusioz eman dute horren berri: ate joka ditugun festa garairako behin-behineko protokoloa prestatu dute. Horri lotuta, "konpromiso ugari" hartu dituzte: antena lana egitea, eta, edozein erasoren berri izatekotan, martxan jarri duten kanalaren bidez komunikatzea; erasotua izan denari eta ingurukoei erantzutea; eragileetako ordezkariak askatasunez elkartu eta erantzuna adostea, betiere erasoa pairatu duenaren nahia errespetatuta; erasoa gauzatu duenari edo dutenei erantzutea; babes profesionala eskaintzea; eta herrian gertatutako erasoei jarraipena egitea.
Norabide horretan, Zabaletako festetarako eta San Pedro Jaietarako honako kanalak izango dituzte martxan, eguneko 24 ordutan, eraso bat jasan edo ikusi duen edonor eragileekin kontaktuan jar dadin:
633 34 42 84 telefono zenbakia
emankontulasarteoria@gmail.com helbide elektronikoa
@emankontulasarteoria kontua (Instagram sare sozialean)
Arestian aipatutako konpromisoez gain, lankidetzan aritu diren eragileek datorren ikasturtean prozesuarekin jarraitzea adostu dute. "Festa garaitik harago, protokoloa urte osoan martxan egotea da asmoetako bat. Horrez gain, erasoak gutxitzea edo desagertzea nahi dugu, noski. Horretarako, kontzientziazioa eta pedagogia jorratuko ditugu".
Sarea handitzeko asmoz eragile gehiagorengana joko dutela aurreratu dute. "Noski, parte hartzeko gogoa dutenak, jar daitezela gurekin harremanetan!".
