Adreilu mota bat da 'Karabista', berezia. Izan ere, agerian geratzeko asmoz jartzen da. Langileen auzoko paisaietako elementuetakoa ere bada. Hala izendatu dute azken hilabeteetan eraikitako euren lehen fanzinea Kriseilu Lasarte-Oriako Gazte Langileon Asanbladako kideek. Aldizkari autogestionatu hori plazaratzeko, aurkezpena antolatu dute, ostiral arratsaldean, Jalgi tabernan.
Hitzorduari ekiteko, mahai ingurua aurrera eraman dute, lehenik eta behin. Asanbladako hiru kideek hartu dute hitza, eta orotariko gaiaz solastatu dira. Finean, sorreraz eta testuinguruaz hitz egin dute, orain arte egindako jarduerez; irakurle taldeaz, besteak beste. Ondotik, multzoaren oinarrien gainean jardun dira, fanzineko bi testuetatik abiatuta: Independentzia politikoa eta zapalkuntza ororen aurkako borroka. Bukatzeko, proiektuaren alde artistikoari heltzeaz gain, artearen funtzio politikoaz mintzatu dira. Solasaldi horren baitan, argi utzi dute artea gizartea eraldatzeko tresna dela, euren arabera, eta ideia horri jarraiki sortu dutela lan autogestionatua. Horrenbestez, uste dute "formakuntzarako liburuxka" ere izan daitekeela aldizkaria.
Formakuntzak formakuntza, hainbat atal ditu 'Karabistak'. Hasteko, Asanbladaren aurkezpena eta taldeak egindako bidea. Jarraian, arestian aipaturiko bi oinarrien azalpen sakona. Komikirik ere bada ikusgai, aldizkarian. Bertan, irudietatik eta umoretik partituta, espazio faltaren auzia eta poliziaren kontrola landu dute. Ondoren, kulturari eta artistei erreferentzia egiten dion horoskopoa sartu dute, baita Lasarte-Oriako kultura undergroundako 'Reclusion' taldea gomendatu ere. Gabriel Arestik idatzitako "Harri eta Herriren" olerkariaren zati batekin itxi dute fanzinea.
Pintxadaren amaitu dute aurkezpena, taberna berean, iragarritako kontzertua bertan behera geratu baita, azken momentuan.
Non eskuratu
'Karabista' 2 euroren truke eskuratu daitekeela jakinarazi dute Kriseilu Lasarte-Oriako Gazte Langileon Asanbladako kideek. Dena den, aleak eskuratzearen inguruko informazio gehiago zabalduko omen dute euren sare sozialetan, datozen egunetan.