Jakin-mina piztu zuen LGTBIQ+fobiaren aurkako egunaren (hilak 17) eta harrotasunaren nazioarteko egunaren (ekainak 28) harira antolatutako ekimenak eta bertaratu zirenek lepo bete zuten Antonio Mercero aretoa ostegun arratsaldean, intersex aktibista eta idazle Mer Gomezen aurkezpen ekitaldia zuzenean jarraitzeko. Ondoan izan zuen Maider Galardi kazetari eta laguna. Bien artean saio atsegin, interesgarri eta dibulgatiboa ehundu zuten.
La rebelión de las hienas (Bellaterra, 2022) eta Las hermafroditas del siglo XXI (Bellaterra, 2024) lanak aurkeztu zituen egileak. Idazlearen beraren bidaia autografikoari buruzko lana da aurrenekoa; 2016an jaso zuen intersex izatearen diagnostikoa eta hurrengo lau urteetako bidea jaso zuen liburu horretan, isiltasuna atzean utzi eta ezaugarri berberak zituzten pertsonen bila hasi zen. Identitate kolektibo bat eraikitzeko asmoz, bere nahiz beste pertsona batzuen testigantzak jaso zituen. Bigarren idazkia, berriz, bere doktore tesian (Las hermafroditas del siglo XXI: de objetos del discurso a sujetos políticos. Soliloquios corporales y nuevos enunciados sobre la intersexualidad) oinarrituta dago eta dibulgatiboagoa da. Pertsona intersexak medikuntzaren edo biologiaren aztergai edo patologia gisa tratatu izan dituzte, medikuek erabakitzen zutelako zer operatu edo zer operatu. Bada, Gomezek irauli egiten du jokabide hori, ezaugarri horiek dituzten pertsonak euren diskurtso propioaren jabe eta subjektu politiko bihurtuta.
Aipatutako lan horiei buruzko xehetasunak eta gogoeta orokorragoak plazaratu zituen Gomezek, hala nola intersex gisa diagnostikatzen dituzten gorputzek pairatzen duten indarkeria biomedikoa edota gisa horretako gorputzek zein subjektibitateek ezbaian jartzen dutela genero binarismoa, hau da, gizarteak gizakiak sailkatzeko dituen bi kategoria zurrunak: gizon edo emakume izateko arketipo nagusiak.