11. Euskararen Maratoiko zortzikotea osatuko dutenen misterioa argitzear da!

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 22a

2016ko zortzikotea, udaletxe zaharreko arkupeetan, 9. Euskararen Maratoiari ekitear.

Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak laster argituko dute ondo baino hobeto gordetako misterioa, sekretuetan sekretuena: urriaren 17an eta 18an aurrera eramango duten 11. Euskararen Maratoiko saltsa guztietako zortzi perrexil hostoak nortzuk izango diren. Bestela esanda, zein herritarrek osatuko duten talde dinamizatzailea: zortzikotea.

Hori iragartzeko ekitaldia hilaren 27an egingo dute, asteazkenez, Jalgi kafe antzokian, 19:00etatik aurrera. Zortzikoteko kideen berri emateaz gain, euskararen erabilera sustatzea eta komunitatea elkartzea xede dituen ekitaldiaren leloa eta logotipoa aurkeztuko dituzte. Antolatzaileek herritar guztiak (norbanakoak nahiz eragileak) gonbidatu dituzte aurkezpen ekitaldi horretara eta aurreratu dute ostean luntxa izango dutela, Euskararen Maratoiaren bueltako berri horiek ezagutzeak sorraraziko dien zirrarari buelta emateko eta elkarrekin dantzatzeko indarrak hartzeko.

Horren aurretik, udazkeneko bi ekimen nagusiak (Maratoia bera eta Euskal Jaia, irailaren 26an egingo dutena) prestatzeko bilerara deitu dituzte herriko elkarteetako kideak. 18:00etan bilduko dira Ttakunenean.

2004ko zortzikoteko kideak, dotore jantzita, hasiera ekitaldian.
 
2008ko Maratoiko zortzi saltseroak, 39. orduari agur esaten.
 
Zortzi herritar hauek dinamizatu zuten 2022ko Euskararen 10. Maratoialdia.