Antolatzaile lanetan euskararen lurralde guztietako erakundeak ari dira aurten ere: Euskal Hirigune Elkargoa; Eusko Jaurlaritza; Nafarroako Gobernua; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak; eta Lasarte-Oriako Udala. EUDEL, UEMA eta Kataluniako Consorci per a la Normalitzacio Lingüística (CPLN) erakundea bidelagun dituzte. Egunari hasiera emate aldera argazkia atera dute ordezkariek eta kultur etxeko auditoriora joan dira hasiera ekitaldian parte hartzeko.
Areto horretan elkartu diren guztiei eta jardunaldia saretik jarraitzen ari zirenei Agustin Valdiviak egin die ongietorria, Lasarte-Oriako alkateak. Ondoren, udaleko Euskara saileko zinegotzi Estitxu Alkortak hartu du hitza eta nabarmendu du herriz herriko integrazioak "linguistikoa eta kulturala" izan behar duela.
Hizkuntzen berdintasun erreala
Arduradun politikoen hitzartzeen ostean hasi dira hitzaldiak. Valentziako Unibertsitateko Hizkuntza Eskubideen Katedrako zuzendari Vicenta Tasa izan da oholtzara igotzen aurrenekoa, hizkuntzen berdintasun errealaz jarduteko. "Hizkuntza gutxituekiko trataera lehentasunezkoa izatea exijitzen du justizia linguistikoak", adierazi du.
Beraren ostean jardun da UNED Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionaleko Zuzenbide Administratiboko katedradun Xabier Arzoz, hizkuntza eskubideen izaera politikoaz. Horri lotuta, azpimarratu du "oztopo handia" izaten ari dela Espainiako Konstituzioa, justizia linguistikoa erdiesteko bidean. Beste gai interesgarri asko jorratu dituzte ondorengo hizlariek ere.