Mende erdiko ibilbidea festa handi batekin ospatuko du Zubieta Lanbide Eskolak

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 21a

Ez dira egunero betetzen 50 urte eta, urtemuga berezi hori merezi bezala ospatzeko asmoz, egun osoko jai berezia prestatu dute Zubieta Lanbide Eskolako kideek, Zubietako Herri Batzarrarekin eta Jai Batzordearekin lankidetzan. Helburua da urte horietan guztietan hezkuntza zentro horren parte izan diren pertsonak berriro elkartzea: ikasle ohiak, gaur egungoak, irakasleak, familiak, erretiratuak, herritarrak eta, oro har, komunitate osoa. 

"Eskolaren eta herriaren arteko lotura ospatzeko topagune handi bat" izango da hilaren 30eko festa, antolatzaileen esanetan. Programa osoaren berri datozen egunetan emango badute ere, aurreratu dute zerbait: adin tarte guztietarako jarduerak, musika eta bazkaria. 

Lasarte-Oriako 137 ikasle

Zubieta Lanbide Eskolan 480 pertsona ikasten ari dira gaur-gaurkoz eta horietatik 137 lasarteoriatarrak dira, zentro horretako arduradunek jakinarazi dutenez. "Horrek erakusten du eskolak lotura estua izan duela udalerriarekin eta antolatzaileek ilusio berezia dute bertakoekin ere partekatzeko". 

Bestalde, jakinarazi dute bazkarirako txartelak salgai daudela eta 25a izango dela erosteko azken eguna, astelehena. Lanbide eskolan bertan edota Alamandegi (Zubieta) zein Bordatxo (Usurbil) tabernetan eros ditzakete joan nahi dutenek.