Club Clasicos por España eragileak bost urte daramatza etxe horretako ibilgailuen eta gidarien topaketak antolatzen. Esan bezala, udalerrian egingo dute aurtengoa, 08:30etik hasi eta 21:00etara arte: harrera, ibilbidea, talde argazkia, bazkaria, kontzertuak... Denetik antolatu dute egun horretarako. Carballok eskerrak eman dizkie babesleei eta, batez ere, herrikoak direnei: Andatza taberna, Aitonak okindegia, Michelin lantegia eta Udaberri elkarte gastronomikoa.
Horrekin batera, udal ordezkariei ere estimatu die ekitaldiari emango dioten babesa: "Eskerrik asko herriari eta herritarroi bizitza ematen diguten jardueren aldeko apustua egiteagatik", nabarmendu du. Amaitzeko, topaketan parte hartzeko deia egin du.
Agustin Valdivia alkateak eskerrak eman dizkio elkarte antolatzaileari, Lasarte-Oria aukeratu izanagatik edizio honetarako: "Udalerriko bizitza dinamizatzen, bisitariak erakartzen eta motorrarekin lotura duen gure historiari balioa ematen lagunduko digu". Jaiak saileko zinegotzi Txus Alonsok, bestalde, adierazi du gisa horretako ekimenak babesten jarraituko duela erakundeak, "herritarren artean sortzen den interesagatik eta gure herrian ibilgailu historiko baliotsuez gozatzea erakargarria delako". 2.400 euroko lankidetza hitzarmena adostu dute.
Egitaraua
Ekainak 6, larunbata
- 08:30etik 10:00etara, Andatza plazan eta Aitonak okindegian, gidariei harrera eta gosaria.
- 10:00etan, ibilaldia: Lasarteko Zirkuitua zegoen eremua, Andoain, Urnieta, Hernani, Errekalde eta Michelin Lasarte lantegia.
- Michelin lantegira iristean, ibilgailuak aparkatuko dituzte eta kultur etxera joango dira, hitzaldi bat entzutera.
- 12:30-13:00ak aldera, Michelin lantegian, talde argazkia.
- Andatza plazan, hamaiketakoa, Andatza tabernaren eskutik.
- 15:00etan, Udaberri elkarte gastronomikoan, bazkaria.
- 17:00ak aldera, zozketak eta oparien banaketa.
- 18:30etatik 21:00etara, Andatza plazan, kontzertuak.
- 21:00etan, topaketaren amaiera.