Buruntzaldea IKTko lehendakari Aitziber Martiarenak eta Dani Garmendia elkarteko kideak azaldu dituzte sariaren nondik norakoak. "Denboraldiari amaiera emateko antolatu ohi dugu txapelketa, aurten pixka bat aurreratu behar izan dugu," aipatu du Martiarenak.
Igeriketa taldeko arduradunak nabarmendu modura, txapelketa honetan "pertsonak" eta "berdintasuna" dira helburu, horregatik igeriketa zein igeriketa egokituko kategoria guztiei zabalik dago txapelketa.
Saioan estilo ezberdinetako 13 proba egingo dira erlojuz kontrako serietan. Serieak marka eta kategoria bidez osatuko dira, genero eta gaitasuna edo desgaitasuna kontuan hartu gabe. Txapelketako jardunaren arabera, kategoria desberdinetan sarituak izango dira. Sailkapen bakoitza bere erreferentziazko taularen arabera lortutako puntuen baitan egiten da.
Eta markak alde batera utzita, amaitzeko australiarra jokoa egiten dela ere aditzera eman dute.
Gozatzea helburu
Nahiz eta probak bere alde lehiakorra izan, helburua parte hartzea eta ongi pasatzea dela nabarmendu dute igeriketa taldeko kideek: "Jendea etortzea, igeri egitea eta ongi pasatzea nahi dugu. Sariak daude maila bakoitzeko, baina markak ez dira garrantzitsuak, guztiek eramango dute domina. Lehian oinarri duen ekimena den arren, kirolariek igeri egitea gozatzea nahi dugu".
Aurtengoan berrikuntza modura, Master kategoriako kideek ere parte hartu ahalko dute: "2017tik aurrera edozein adinetako igerilarik, gu geuk ere parte hartu ahalko genuke. Era horretara, 11 urteko neskatila edo mutikoa bat eta 40 urteko emakumezko edo gizonezkoa batera daude igerian".
Iaz lehiaketak Euskal Herriko 11 taldeko kideak batu zituen, baina aurtengoan oraindik ez dakite zenbat igerilari edo taldek parte hartuko duten sarian: "Guk inguruko, Gasteizko zein iparraldeko talde ezberdinei bidali diegu gonbidapena. Baina oraindik izena ematea irekia dagoenez, ezin dugu zehaztu".
Udalaren laguntza
Hori guztia aurrera eramateko Buruntzaldea IKTk udalaren lankidetza izango du bi: batetik kirol instalazioak eta proba egiteko behar den material logistikoa utziko dizkiete eta bestetik sariak Tratu On Bat markaren babesarekin. Eta horregatik Kirol zinegotzi Goizalde Pildain zein Nuria Fernandez sozioekonomia arloko zinegotzia ere izan ziren agerraldian.
Udal arduradunek Buruntzaldea IKTk urte osoan zehar igeriketa eta kirola sustatzen egiten duen lana nabarmendu zuten, baita horrelako lehiaketa batek suposatzen duen antolakuntza esfortzua ere.
Kirol elkarteko zein udal ordezkariek herritarrak animatu dituzte hilaren 30ean kiroldegira hurbiltzera eta kirol jardunaldi batez gozatzera. "Igeriketa kirol gogorra da, banakakoa, baina taldeko kideek zein beste ekipokoek elkarri animatzen diete eta giro polita sortzen da. Herritar guztiak animatzen ditugu ere gerturatzera", egin dute gonbita Buruntzaldea IKTko arduradunek.