Deitzaileentzat, "barrutik ustela dagoen Kantauriko perla polita" da Donostia, "turistak inpresionatu nahi dituen hiri zabor sortzailea". Manifestazioa iragartzeko afixan salatu dutenez, hondakinekin "kudeaketa lotsagarria" egiten dute Gipuzkoako hiriburuan. Donostia Bizirik mugimendukoen lana azpimarratu dute: "Urtero ari da jarraipena egiten eta salatzen: iaz, hondakinen % 41,6 bildu zuten gaika, duela bi urte baino gutxiago eta Gipuzkoa osorik hartuta lortzen duten % 57ko tasa baino askoz gutxiago". Horrekin batera, gogoratu dute Europako Elkarteak ezarritako % 55eko gutxienekotik "urrun" daudela.
Horrez gain, salatu dute Donostia dela lurraldeko udalerrien artean gutxien birziklatzen duena eta "Zubietako erraustegi kutsatzailea" gehien elikatzen duena. "Udaleko agintariak: non duzue lotsa? Noiz hasiko zarete zuek sortutako hondakinak arduraz bildu eta kudeatzen?". Bitartean, azpiegiturak "gau eta egun zaborra erretzen" jarraitzen duela ohartarazi dute, "mundu osoko adituen jarraibideei" entzungor egiten: "Urtetik urtera pilatzen ari dira pozoiak, dioxinak, furanoak, metal astunak eta beste kutsagarri arriskutsu ugari". ToxicoWatch erakundeko ikerlarien lana nabarmendu dute eta baita erraustegiak isurtzen dituenek eragin ditzakeen kalteez ohartarazi ere: "Erakutsi dute zer ari den zabaltzen inguruko lur, aire eta uretan. Gu gara isurkin horien azken biltegia: landareak, animaliak eta pertsonak. Gu geu eta ondorengoak, hondakinak erretzearen kalteak nozitzen ditugunak".
Horren guztiaren aurrean antolatu dute larunbateko protesta ekintza: "Donostiako eta Gipuzkoako agintariok, ez egin ez ikusiarena erraustegia eragiten ari den kalteei, joka ezazue arduraz, kontuan izan adituen oharrak eta antolatu hondakinen kudeaketa egokiak", galdegin dute. "Hondakinik onena sortzen ez dena" dela nabarmentzerekin batera, agintariei eskatu diete "Zubietako errauste kriminala" gelditzea.
