Pauso garrantzitsua eman zuen Ostadar SKTren Gorengo Mailako taldeak Astigarragako Mundarro 4-1 garaituta.
Michelingo zelaian jokatutako neurketan, etxeko taldea nagusi izan zen eta lehen zatia amaitzerako 3-0koa zegoen markagailuan.
Hiru puntuei esker, Jon Iruretaren taldea bere multzoko bigarren postuan mantendu da eta txapelketa horrela mantenduz gero, Ohorezko Erregional Mailarako igoera gertuago izango luke taldeak. Gorengo Mailan bi multzoetako lehen sailkatuek zuzeneko kategoria igoera lortzen dute; ohorezko kategorian plaza hutsak egonez gero, gainerakoek lehentasunezko ordena zehazteko kanporaketak jokatu behar dituzte. Ostadarren kasuan, 2. multzoko bigarren sailkatuaren aurka jokatu beharko luke eta neurketa irabazi, zerrenda horretan lehengo egoteko.
Baina talde urdin-beltzaren multzoko sailkapena ere erabakitzear dago. Hirugarren den Rotetak lasarteoriatarren antzera 57 puntu ditu. Beraz, azken jardunaldia erabakigarria izango da. Ostadarrek Vasconia garaitu eta ordu berean lehiatuko den Roteta eta Axular Lizeo taldeen arteko partidari adi egon beharko du.
Denboraldia amaitzen
Talde urdin-beltzeko Ohorezko Erregional taldea ez da bakarra hilaren 24ko asteburuan ligako fase erregularra edo dagokion txapelketa amaitzen duena.Hilaren 17an, Texas Lasartearrako kadete I. mailako taldeak kopari agur esan zion eta oraingoan talde zuri-urdin zein Ostadarreko hainbat ordezkarik denboraldiko azken partida jokatuko dute.
Horietako askok maila mantenduko dute, baina bada azken fasean sartu den talderik ere, hala nola, urdin-beltzen Erregional I. Mailako kideak. Kopako finalerdia jokatuko dute Elgoibarren aurka.