Epidemiak, neutroiak edota teknologia kuantikoak ordezkatu dituzte bezeroen eguneroko hizketagaiak BUenetxea kafetegi-tabernan, astelehen itxuraz buruzuri batean. Txinparta berezia eman diote aste hasierari Pint of Science topaketaren antolatzaileek, askorentzat urrunekoak izan daitezkeen zientzia gaiak giro informal eta dibulgatiboan herritarrei hurbilduta. Kontatu dute bigarrenez antolatu dutela topaketa hori Lasarte-Orian eta pozik egoteko moduan daude, ikus-entzuleek lepo bete dutelako Pablo Mutiozabal kalean dagoen establezimendua.
Ekimena testuinguruan jartzeko, jakinarazi dute 2015ean hasi zirela gisa horretako jarduerak egiten Espainian (bi urte lehenago antolatu zuten aurrenekoz Erresuma Batuan) eta 11 urteotan "izugarri" hazi dela, ehunka ikertzailek eta milaka boluntariok parte hartzen baitute urtero. Maiatzeko egun hauetan Espainiar Estatuko 108 tokitan antolatu dituzte solasaldiak, besteak beste, Lasarte-Oriako Buenetxea kafetegi-tabernan.
Javier Esteban Ochoa de Eribe hasi zen ¿Matar mosquitos a cañonazos? solasaldiarekin. Ondoren, El poder de la luz para las tecnologías cuánticas hitzaldia eman zuen Gabriel Molina Terrizak. Bukatzeko, Neutrones para ver lo que la luz no ve mintzaldia partekatu zuen Paula Malo de Molinak. Adituen azalpenak entzuteaz gain, ikus-entzuleek ekarpenak egiteko aukera izan zuten topaketan zehar.
Gure herriko jardunaldia atzo izan bazen ere, gertuko zenbait udalerritan hitzaldi gehiago antolatu dituzte gaurko eta biharko:
- Donostian, gaur eta bihar: Lobo, Bidassoa, Mala Gissona, Duit, Bukowski eta GOe (20ean soilik).
- Errenterian, gaur: Kantina Lekuona