Kulturartekotasuna lantzen jarraitzen du Lasarte-Oriako Bizipoza Taldeak herriko eragile ugarirekin lankidetzan: ikastetxeak, Ttakun Kultur Elkartea... Norabide horretan bilera irekia deitu dute taldeek ez ezik norbanakoek ere ekarpenak egin ditzaten: "Denon artean, elkarte zein herritar bakoitzak guretik zertxobait jarriz, herri sendo, anitz eta atsegin bat osatzeko helburuarekin. Komunitate eder bat, euskaratik kultura ezberdinak aintzat hartuaz, inor bazterrean utziko ez duena. Lasarte Oria koloretsua, denona eta denontzat, da gure ametsa!", adierazi dute antolatzaileek.