Eguzki Escalerilla taberna, Euskal Kopako garaile

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 18a

Eguzki Escalerilla taberna taldeak amaiera biribila eman zion Euskal Kopako txapelketari, garaipena erdietsi eta garaikurra jaso zuten

Lasarte-Oriako kadeteek partidarik ez dute galdu lehiaketan zehar eta azken jardunaldian, ez zuten huts egin. Hilaren 16an, bigarren sailkatu zen Salburua FS Gorria taldearen aurka neurtu zituzten indarrak hori-beltzek Maialen Chourraut kiroldegian eta zaletuek hauspotuta, 6-4 irabazi zuten.

Neurketa amaitzean garaikurra jaso eta ederki ospatu zuten jokalariek, talde teknikoak eta senideek ere.

Ez dira Euskal Kopa jokatuko duten Eguzkiko ordezkari bakarrak izango, kadeteek Kopa eskuratuz lehiari agur esan zioten bitartean, gazte mailako ordezkariek txapelketa hasi berri dute. Lehen jardunaldian, hilaren 17an, Gramol bizkaitarra izan zuten aurrez aurre eta 3-1 garaitu zuten.

Infantilak, txapeldunorde

Hitzordu garrantzitsua zuten ere infantil mailako Eguzki Andatza taberna taldeak, Gipuzkoako txapelketako finala. Lauburu KE Ibarra A izan zuten aurkari.

Ibartarrak 0-2 aurreratu ziren eta maldan gora jarritako partida berdintzea lortu zuen Lasarte-Oriako taldeak. Azken minutuetan, ordea, aurkariak 2 eta 3koa egin zuen eta herritarrek ezin izan zuten berdinketa eskuratu. 

Gipuzkoa txapelketan, gainera, Eguzkiko beste hiru talde ere sailkatu dira lehia ezberdinetarako azken faserako. Gazte zein kadete mailako taldeak Gipuzkoako finalerako finalerdiak jokatuko dituzte; Erregional I. mailako taldeak, aldiz, kopakoak.

*Portadako irudia: Karmen Herrero/ Galeriako irudiak: Txintxarri.