Artearen bidez elkar topatu izanaren zoriona ospatuko dute hiru piano jotzailek

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 20a

Ezker-eskuin: Iñaki Salvador, Jakes Txapartegi eta Esther Barandiaran.

Udalerrian musikaren kultura doan zabaltzeko asmoz, urteak daramatza Danok Kide elkarteak Musika Topaketak antolatzen. Hogeigarren edizioa bihar (hilak 23) aurrera eramango dute eta "emanaldi berezia" ekarriko dutela iragarri dute eragile horretako kideek: 'Piano baten inguruan batzen gaituena'. Instrumentu horrekin ariko dira Jakes Txapartegi, Esther Barandiaran eta Iñaki Salvador musikariak, bakarka batzuetan eta elkarrekin besteetan. "Sorkuntzaren aldaera anitzak esploratuko dituzte", aurreratu dute antolatzaileek. "Ikuskizuna, hala ere, ez da musikan soilik oinarrituko; hitzak ere tokia izango du, hari narratibo gisa pieza guztiak lotzeko".

Txapartegiri buruz, adierazi dute "pasioak eta oztopoak gainditzeak" ehundu dutela bere bizitza. "Itsu izatea, muga beharrean, ikuspegi berezia garatzeko bidea eman dio". Beraren irakasle eta gidari izan da Esther Barandiaran. "Bien arteko lankidetzan, aitortzan eta pazientzian jositako burbuila ederra sortu dute".

Bide emankor horretan ezagututako artistetako bat da Iñaki Salvador: "Aukera izan du Jakesen eta Estherren lankidetza hurbiletik bizitzeko eta erronkara batu da: kontzertu partekatu baten bidez oholtzara eramatea sormenaren eta adierazpen artistikoaren pasioa".

Danok Kidekoek jakinarazi dute doakoa izango dela emanaldia baina bertaratzeko asmoa dutenek gonbidapenak eskuratu beharko dituztela kultur etxeko leihatilan.