Lasarte-Oriako Udalak pertsona guztien eskubideak babesteko "konpromiso irmoa" berretsi du

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 17a

Maiatzaren 17aren harira, Berdiduren adierazpen instituzionalarekin bat egin du Lasarte-Oriako Udalak

Maiatzaren 17a LGTBIfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Egun hori dela-eta, Berdindu LGTBI Euskal Zerbitzuaren adierazpen instituzionalarekin  bat egin du Lasarte-Oriako Udalbatzarrak, aho batez.

Lasarte-Oriako Udalak beste behin berritsu du "pertsona guztien eskubideen defentsarekiko duen konpromiso irmoa, salbuespenik gabe". Arean ere, xede du LGTBIfobiari "modu egituratuan" aurre egitea. Hori dela-eta, politika publikoak garatzen eta ezartzen jarraituko du, besteak beste. 

2005etik, LGTBIfobiaren aurkako eguna da maiatzaren 17a. Dena den, egun honen sorrera 1990eko egun berean datza. Izan ere, garai hartan ezabatu zuen homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik Osasunaren Mundu Erakunde OMEk. Erabaki hori mugarri inportantea ez ezik, "urrats erabakigarria" izan zen LGTBI pertsonen aitortzan. 

90eko hamarkadatik hona bide luzea egin da lege- eta gizarte-esparruetan. Horren erakusle dira Ikuspegik argitaratutako azken inkestaren datuak: "Diskriminazioaren inguruko pertzepzioak eta jarrerak Euskadin (EPADE) 2025". Galdeketaren arabera, "EAEko pertsonen %77,8ak" nahiago du "askotariko gizartean" bizi. Alabaina, nahiz eta euskal herritarrek nahiago izan sexu eta genero aniztasunak dakarren aberastasunean bizi, sentipen horrek talka egiten du kezkagarriak diren errealitateekin. Azken batean, aintzat hartu behar da "Euskadiko biztanleen %15ak" diskriminaziorik pairatu duela, azken urtean, eta egoera horien "%76 baino gehiago" ez direla salatzen. Era berean, gogoan izan behar da errealitate horrek zuzenean eragiten diela LGTBI pertsonei. 

Urratsak eman diren arren, jakina da oraindik ez dela "benetako berdintasuna" lortu. Azkenaldian gora egin dute gorroto-diskurtsoek eta espazio publikoetan emandako erasoek. Horren aurrean, ezinbestekoa da "pertsona oro askatasunez, ikusgarritasunez eta eskubide guztiekin bizitzea, gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa, anitzagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko". Aniztasuna bermatzeko, diskriminazioari aurre egin behar zaio, baita inguru seguruak sortu ere.