16:30etan ailegatu da Euskal Herriko Casteller taldea Okendo plazara. Giro onean, gerrikoa edo faixa jartzen lagundu diote elkarri, erakustaldirako beroketa lanak ere egin dituzte.
Pixkanaka-pixkanaka hasi dira castellsekin. Izan ere, hasieran, enparantzako kale argiez baliatu dira oinarri eta sostegua izan zezaten figuren gaineko pertsonek. Bi taldetan banatuta, ederki moldatu dira, eta behar izan denean, aholkuak eskaini dizkiete eskarmentudunek hasiberriei. Kasik parte hartzaile guztiak igo dira goraino, eta zenbaitetan, bi pertsona izan dira tente.
Giharrak berotuta eta bestearekiko zein norberarekiko konfidantza landuta, irudi handiagoak egiteari ekin diote. Kasu honetan, plazaren erdian ipini dira; inolako oinarririk gabe, hain zuzen. Txanda honetan, bi taldeak desegin eta denak batera aritu dira elkarlanean. Castellerren xarmarekin txundituta, publikoa bildu da euren inguruan.
Sorrera eta parte hartzea
2024ean sortu zen Euskal Herriko Casteller taldea. Kataluniatik Euskal Herrira etorritako hainbat lagunekin eta euskaldun mordoarekin hasi zen proiektua. Hilabete batez, Euskadiko hiru hiriburuetan entrenatzen arituta, batzar sortzailea eratu zuten Gasteizen eta hura izan zen abiapuntu. Interes handia piztu zuelarik, berehala errotu zen multzoa. Gaur egun, 60 bazkide dira, eta 180 bat lagunek osatzen dute Euskal Herriko Casteller taldea.
Parte hartzeko gogorik izanez gero, prozesu erraza jarraitu behar da. Alde batetik, webguneko Whatsapp taldean sartu daitezke. Bestetik, aukeran, taldearen gmailera ere idatzi. Adin guztietako pertsonak dira ongietorriak.
Bestalde, entseguetarako ez da ezer apartekorik behar: blusa zahar bat, bakeroak eta txankletak. Astean behin egiten dituzte entseguak bai Donostian, bai Bilbon, eta larunbatean entsegu orokorrak. Azken horren kokalekua aldatu egiten da.