Lasarte-Oriak bihar hasiko du Herriarteko txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 15a

Lasarte-Oria eta Zarautz taldeen arteko neurketa, 2025eko Herriarteko txapelketan.

Lasarte-Oriak gomazko paletako Herriarteko txapelketako lehen jardunaldia jokatuko du, bihar, hilaren 16an, Tolosan

Herriarteko txapelketa hilaren 3an hasi bazen ere, Lasarte-Oriak aurreko urtean final laurdenetara iristeagatik lehen kanporaketa ekidin du.

Lasarte-Oriako taldea zazpi pilotariz osatua egongo da aurten: Julen San Miguel, Iban Arruti, Ander Loidi, Jagoba Mendizabal, Luken Carbaieda, Iker eta Jon Pello Artetxe.

Lehiaketa berrian Tolosa izango du aurkari hiru partida ezberdinetan: banaka, bikoteka eta zazpira arteko banakakoan. Joaneko jardunaldia bihar jokatuko da eta etorrikoa Lasarte-Orian hilaren 23-24ko asteburuan.

Taldeko arduradunek aipatu dutenez, lehen saioan aldeko emaitza lortu nahi dute etxean lasaiago jokatzeko. Baina ez dute lan erraza izango, Tolosarrak Zumarraga gainditu dute. Aurkako 2-1eko markagailua berdindu eta puntu kopuruarengatik aurrera egin dute.

Santa Ana txapelketa martxan

Pala modalitatearekin jarraiki, Santa Ana Pala txapelketako lehen norgehiagokak jokatu dira astean zehar, Loidibarren pilotalekuan. Bi partida atzeratu behar izan dituzte jokalariek.

Hauek izan dira lehen emaitzak:

A TALDEA

  • Zarra / Martin 6–25 Kortajarena / G. Arteaga
  • Mendizabal / Urruzmendi 25–7 Izquierdo / Larretxea
  • Eleizegi / Gonzalez 21–25 Arrondo / Goikoetxea

B TALDEA

  • Artetxe / Artetxe 25–12 Jauregi / J.M. Arteaga
  • Arruti / Errasti 25–13 Iparragirre / Astiazaran
  • Rekondo / Bazkez 18–25 Ortiz / Carbayeda
 
 
 
 

Hamasei bikote hasi dute lehiaketa eta bi multzotan banatu dituzte lehen fasea jokatzeko. Uztailaren 9a arte, asteartetik ostegunera zazpi jardunaldi jokatuko dituzte pilotariek eta multzo bakoitzako lehen biak sailkatuko dira finalerdietarako.