Hilero, literatur lan bat oinarri hartuta, solasaldiak aurrera eraman ohi ditu Lasarte-Oriako Irakurle Txokoak. Saio horiez gain, ordea, beste formatu batzuk eskaini eta literatura jende gehiagorengana zabaldu asmoz, bestelako ekimenak ere antolatzen ditu. Horietako bat izan zen ostegun iluntzean, hilaren 14an, egindakoa. Kultur Etxeko aretoetako batean batu ohi dira normalean aipatu taldea osatzen duten kideak, baina oraingoan, Zabaleta Auzolan elkartearen egoitzara bertaratzeko deia egina zuten. Bertan egin zuten Eider Rodriguez eta Anariren Ipuin Kantaketa.
Bi protagonista nagusiak entzutera joandakoak aretora heltzerako, dena prest zuten aipatu eragileko kideek. Loreekin atondutako oholtza topatu zuten parez pare. Bozgorailu bana eszenatoki horren alde banatan, azken ilaran eseriko zirenen belarrietara ere irits zitezen Rodriguezek kontatu eta Anarik kantatutakoak.
Kontu eta kantuen aurretik, elkarrizketa
Horien emanaldiarekin hasi aurretik, ordea, Rodriguez elkarrizketatzeko tartea hartu zuten. Aintzane Usandizaga idazle lasarteoriatarra (eta Irakurle Txokoko dinamizatzailea) arduratu zen galderak egin eta tarte hori gidatzeaz. Ekitaldiak oinarri izan zuen Dena zulo bera zen ipuin-liburua da Errenteriako idazleak kaleratu duen azken lana, eta hain zuzen ere, horren gaineko zenbait galdera egin zizkion Usandizagak. Horiei erantzundakoei esker jakin ahal izan zuten entzuleek, adibidez, lanaren izenburua liburua bera idazten amaitu zuenean erabaki zuela, eta horren aurretik, liburuari beste titulu hau ematea pentsatu zuela Rodriguezek: Dena su bera zen. Sua, "poliki-poliki", zulo bilakatu zen.
Elkarrizketa horretan azaldu zuen ere idazterako garaian ez dela bizitzan sumatzen dituen zulo edo arrakalen bila joten, baina "karranka eginez, buruan "kolpeka geratzen zaizkion kontuak" azaleratu egiten direla bere kontakizunetan. Galeraz, endekatzeaz edota xamur, zaurgarri agertzeaz ere hitz egin zuen, horiek liburuan non eta nola plazaratu dituen ohartu ziren bertaratutakoak.
Besteei narratiba altuan kontatzeko egon daitekeen ohitura faltari erreferentzia eginez, eskaintzen ari diren formatuarekin nola hasi ziren kontatzeko ere eskatu zion Usandizagak Rodriguezi. Horri ihardetsiz, esan zuen Anari "asko miresten duen artista" dela, eta "halere, laguna", eta hori hala izaki, berarentzat "plazer handia" dela oholtzan elkarrekin aritzea, gustura aritzen dela. Gaineratu zuen "atsegina" zaiola berak "bakardadean idatzitakoak ahots goraz" irakurtzea.
Hitza eta musika
Kontu horiek kontatuta, Usandizagak oholtza utzi, eta ordura arte berak erabilitako aulkia hartu zuen gero Anarik. Eta orduan ekin zion bikoak ipuin kantaketari. Hizlariaren goxotasuna eta abeslariaren indarra txirikordatuz joan ziren emanaldi osoan zehar.
Zulo, zirrikituetatik abiatuta, asko eta askotarikoak izan ziren sortzaileek entzuleei kontatu eta kantatutakoak, hala nola, inork, inoiz, nonbait edo norbaitengan utzitako aztarnak, edota norberak inoiz bizi ahal izan duen azalberritzea.
Ipuin kantaketak iraun bitartean, oholtza izan zen argiztatutako eremu bakarra. Goxoa izan zen giroa, eta aretoko leiho eta gortinen arteko zirrikituetatik sartutako argi izpiek sortutako itzalek ere atondu zuten eszenatokia.
Saioa borobiltzeko, mokadutxoa egin zuten bertaratukoek, elkarrekin.