Lasarte-Oriako atletek, jardun ederra txapelketa ezberdinetan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 14a

Ostadar SKTko Eider Redondok bi domina eskuratu zituen. Irudian, luzera jauziko podiumean. Arg.: G. Redondo.

Lasarte-Oriako atletek ez dute atsedenik maiatzean zehar. Ostadar SKTn zein beste taldeetan lehian dabiltzan gazte eta haurrek astebururo dute hitzorduren bat. Hilaren 9an eta 10ean, maila ezberdinetako Euskadiko zein Gipuzkoako txapelketetan parte hartu dute eta Euskadirekin ere lehian izan dira 16 urtez azpiko Erkidegoen arteko Espainiako txapelketan. Guztiak ongi jardun dira eta hiru domina eta marka hobekuntzaren bat ere eskuratu dituzte

18 eta 20 urtez azpiko Euskadiko txapelketan jantzi zituzten herriko ordezkariek dominak. Ostadar SKTko zazpi kidez gain, Real Sociedad taldean dagoen Hodei Garcia ere izan zen Gasteizeko (Araba) pistan borrokan.

Herriko ordezkariak lehen postuetan izan ziren proba askotan, baina talde urdin-beltzeko Eider Redondo eta Oinatz Almagro eta aipatu Garcia izan ziren podiumera igo zirenak. Jauzi probetan bina Euskadiko titulu eta lasterketa zein jaurtiketa probetan bina brontzezko postu lortu zituzten:

  • 18 urtez azpikoa
    • Eider Redondo (Ostadar SKT): 
      •  Luzera jauzia - 1º
      • Xabalina jaurtiketa - 3º
  • 20 urtez azpikoa
    • Oinatz Almagro (Ostadar SKT): jauzi hirukoitza - 1º
    • Hodei Garcia (Real Sociedad): 200 m. - 3º

Lan ona Euskadirekin

Ourensen (Galizia) ere izan ziren herriko ordezkariak lehian hilaren 9an eta 10ean. 16 urtez azpiko Erkidegoen arteko Espainiako txapelketa lehiatu zen eta Euskadiko ordezkaritzan hiru herritar izan ziren: Ostadar SKTko Aitor Martin eta Nahia Garcia eta Real Sociedad taldeko Alaia Romero. 

Martinek pisu jaurtiketan parte hartu zuen eta bere marka ondu zuen, 11,02 m. Garciak 10,34 metroko jauziarekin amaitu zuen jauzi hirukoitzeko proba eta Romerok 4x100 m. eta 4x300 m. erreleboetan parte hartu zuen B finaletan eta bietan bigarren izan ziren.

Horiez gain, infantil mailako gaztetxoek eskolarteko eta kluben arteko Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten, hilaren 10ean, Donostian. 

Ostadar SKTk nesken talde bat eta mutilen zein nesken errelebo bana aurkeztu zituen probara. Taldea zortzigarren sailkatu zen.

Konbinatuak, Atsobakarren

Ostadar SKTko eta herriko atletek hitzordu bikoitza izango dute hilaren 16-17ko asteburuan.

Hilaren 16an, 16 urtez azpiko gazteek Euskadiko txapelketari egingo diote aurre Bilbon.

Eta Gipuzkoako Eskolarteko txapelketekin jarraituz, hilaren 17an, atletismoko zaletuek harrobiko kirolarien lehiaketa ikusteko aukera izango dute Lasarte-Orian. 

Proba konbinatuetako lehia antolatuko du Ostadar SKTk Atsobakar kirol guneko pistan eta Gipuzkoa osoko alebin zein infantil mailako gaztetxoak bilduko ditu. Horien artean borrokan izango dira herriko elkarteko 11 atleta: zazpi infantil eta lau alebin.