LOKEko Aiala Jimenez, Gipuzkoako txapelketako podiumean

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 13a

Aiala Jimenez gimnasta (ezkerrean), sokako podiumean. Arg.: LOKE Gimnastika.

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) gimnastek hitzordu berria izan zuten hilaren 9an, Bergaran, Infantil mailako Eskolarteko Gipuzkoako txapelketa. Herriko elkarteak bi talde eta hiru banakako izan zituen tapizean lehian eta horietatik, Aiala Jimenez podiumera igo zen hiru alditan

Soka eta uztaiarekin egin zuen lan herritarrak eta hirugarren eta bigarren postuetan sailkatu zen, hurrenez hurren. Sailkapen orokorrean bigarren izan zen.

Dominez gain, Jimenezek Euskadiko Eskolarteko txapelketarako txartela ere eskuratu zuen; hitzordua hilaren 23an izango da Eskoriatzan. 

Oihane Portuburu eta Laia Suberbiola bikoteak ere parte hartu zuen. Portuburuk bosgarren postuan amaitu zuen sokako lehian eta Suberbiolak, seigarrena uztailarekin lanean.

Taldeei dagokionez, LOKE A eta C taldea aritu ziren lehian uztaiarekin. Urduritasunarekin eta tresnarekin hainbat arazo izan zituzten arren, A taldeko ordezkariek bosgarren postua eskuratu zuten; Cko kideak hamabigarren izan ziren.

Infantil mailako txapelketan parte hartu zuten bakarkako gimnastak eta taldeak. Arg.: LOKE Gimnastika.

Emaitzak alde batera utzita, LOKEko arduradunak pozarren daude gazteek ikasturtean zehar izandako garapena eta jarrerarengatik: "Aurten kode aldaketa izan dugu. Ikasturtean zehar, gimnastek gorputzaren zein tresnen erabileran izan duten hobekuntza eta garapena ikusi dugu eta lan hori azpimarratzekoa da".