Borobilean elkarteko lagunak, Zabaleta Auzolanekoak, Izan Inurriko-ak eta Sorgin Jaiak-ekoak izan dira Borobilean elkarteak hil honetan aurrera eraman duen saioko protagonistak. Zazpi lagun aritu dira hizketan: Joxe Mari Agirretxe eta Ixiar Arteaga, Alazne Legazkue, Julene Illarramendi eta Miren Cuerdo, eta Sara Etxeberria eta June Negredo, hurrenez hurren.
Agirretxek hartu du hitza mahai inguruari hasiera emateko, eta hizlari bakoitzari bere buruaren aurkezpena egin eta zein eragiletako kide den kontatzeko eskatu die. Aginduak jarraituta, euren buruak aurkeztearekin batera, ordezkatzen duten taldean zein indargune ikusten dituzten azaldu dute solaskideek.
Borobilean elkartetik hasita, Arteagak hitza hartu du, eta gaiarekin lotutako kontuak aipatzen hasi aurretik, "harro" agertu da gainerako hizlarien ondoan aritzeaz. Hori esanda, gogora ekarri du Borobilean elkarteak dagoeneko ia hiru urteko ibilbidea egin duela. Hilero-hilero hizketarako eta hausnarketarako gaiak ekarri ditu aipatu taldeak, eta horietako zenbait ekarri ditu akordura Arteagak. Joseba Sarrionandia gonbidatuta, komunikazioaz aritu ziren aurrera eraman zuten lehen saioan, eta orduz geroztik, hamaika izan dira landutakoak. Horretan "aritu izana eta egindako bidea mantentzea" nabarmendu ditu indargune gisa taldeko ordezkariak.
Zabaletako bizilagun eta bertako auzo elkarteko kide Alazneri eman dio hitza gero Agirretxek. Azpimarratu du Zabaleta auzoa herri mailan "eredu" dela. Eragileak duen "indarra eta izaera ezberdina" zein taldearen "antolaketarako gaitasuna" nabarmendu ditu. Horrekin batera, auzokideen "belaunaldi ezberdinen arteko jarraikortasunaz" ere aritu da.
Izan Inurri elkarteko lagun Illarramendi eta Cuerdoren txanda izan da ostean. Zazpi urteko bidea urratu du jada Inurrik, eta denbora horretan guztian sortu duten inurri sareaz aritu dira. Hori osatzen dutenen "fideltasuna" goraipatu dute biek, eta elkarte gisa "eman eta jasotzearen garrantziaz" ere mintzatu dira.
Etxeberria eta Negredo, berriz, Sorgin Jaietako kide gisa, pasa berri den asteburuko ospakizunaz hasi dira hizketan (25. urteurrena ospatzeko jarduerak aurrera eraman dituzten); zirrara agertu dute ekimenean belaunaldi ezberdinetako herritarrak batu zirelako. Talde gisa oinarri dituzten baloreak ere aipatu dituzte (feminismoa eta euskaraz, adibidez).
Ahulguneez, gero
Hizketarako ordenari jarraiki, Arteagari iritsi zaio lehenik Borobilean elkartearen ahulguneez aritzeko txanda. Taldearen izenean ez, baizik eta berean solastatu nahi izan du hortaz. Hain zuzen ere taldean aritzeak norberari sor diezazkiokeen gorabeherak plazaratu ditu: "Zenbat eman asmatzea zaila egin zait, hori kudeatzea". Gainerakoan, "oso harro" agertu da egindako bidearekin.
Zabaletarrak, berriz, "geroz eta indibidualizatuagoa" den gizarteaz hitz egin du, baita horrek eragiten duen "harreman komunitarioen ahultzeaz" ere. Horri erreferentzia eginez, honako adierazpenak egin ditu: "Jendeari kosta egiten zaio konpromiso kolektiboan sartzea".
Bertan bizi diren zenbait auzotarrentzako Zabaleta "lo auzo" izateaz ere aritu da, eta esan, horrek "zaildu" egiten duela horiengana guztiengana iristea. Hitzartze hori borobiltzeko, beste zenbait konturen artean, udalarekin harremanak ekarri dizkien zenbait gorabehera ere aipatu ditu.
Hari horri heldu dio Inurriko bikoak ere. Kontatu du euren jarduera aurrera eramateko herrian aurkitutako zailtasunak medio, elkarteak Usurbilen duela bere egoitza. Horrekin batera, "existitzen zirenik ere ez" zekitela jakinarazi izan dietela zenbait udal ordezkarik. Bestelako zenbait kontuz ere aritu dira; aipatu dute, esaterako, Inurri "izugarrizko abiadan doan trena" dela, eta beharrak sortu ahala, berehalako erantzuna emateak, bestelako "paper kontuak-eta geroratzea" eragiten diela.
Etorkizuneko erronkak eta entzuleen hitzak
Erronkez hitz egin dute Sorgin Jaiakeko lagunek. "Jatorri ezberdinetako jendearen integrazioa" aipatu dute lehenik. Talde gisa dituzten baloreak uneoro presente izaten dituzten arren, horiei "fidelago" izateko ahalegina ere nabarmendu dute erronka gisa. Taldeak aurrera egin dezan beharrezkoa den jendearen "inplikazioaz" ere aritu dira, eta adierazi dute, zentzu horretan askotariko adinetako herritarrak taldera batzea ere nahiko luketela.
Alderantzizko norabidea hartu du hitzartzeen azken errondak, eta Etxeberria eta Negredoren atzetik, Illarramendi eta Cuerdo solastatu dira. Desafioei begira jarrita, bat nabarmendu dute: "Inurrien arteko konexioa mantentzea". Erakundeen aldetik etor litekeen lankidetza hitzarmen bat lotzea ere amesten dute, baita minbizia modu batera zein bestera bizitzen edo akonpainatzen ari diren gizonezko taldekide gehiago izatea ere nahi lukete. Hala, "hain ezagunak ez diren minbiziei ikusgarritasuna ematea" ere bada taldearen helburuetako bat.
Zabaleta Auzolaneko lagunek aldiz, auzo "solidarioago" nahi dute, eta baita "euskaraz bizitzea" bermatuko duena ere. Horrez gain, aipatu elkartea osatzen duten lagunentzat garrantzitsua da udalak auzoan aurrera eraman asmo dituen proiektuen aurrean, "erabakiak hartzeko gaitasun handiagoa" izatea.
Bertaratu diren entzuleei hitza eman aurretik, etorkizuneko erronkez aritu da Arteaga ere. Esan du "herriko elkarteak kontuan hartuko dituen udala" amesten dutela; hori hala dela sentitu nahi lukete aurrerantzean.
Saioa borobiltzeko, solasaldia entzutera joandakoei eman diete hitza. Izan da bere hausnarketa eta iritzia partekatzera animatu denik. Orain artekoak bezala, emankorra bezain aberasgarria izan da hil honetako hitzordua. Hurrengoa ere iragarri dute; ekainaren 22an izango da (ikasturteko azkena) eta zertan ariko diren iragarri ez duten arren, gonbidatua Jon Maya bertsolaria izango dela jakinarazi dute. Xumela korua ere bertan izango da.