Antonio Mercero aretoa betetzeko adina jende bertaratu zen joan den larunbateko aurkezpenera, Pello Salabururen Panfleto bat atzenduraren kontra lanak herritarren jakin-mina piztu izanaren seinale. Egileak hitza hartu aurretik Imanol Lizarraldek eta Antton Urrak hartu zuten hitza, alboan zuten laguna aurkezteaz gain idazkia testuinguruan jartzeko. "Lehen eskutik ezagutu du Salaburuk euskal gatazka eta bokazio profesionalari gehitu dio militantzia etikoa", azaldu zuten. "Horra hor liburuaren gakoa: atzenduran ez dezagula utzi herritar askok jasandako sufrikarioa eta ez dezagula ahaztu horrek dakarren ardura politikoa, gure artean bizirik dirauena". Nabarmendu zuten ez dela tesi akademikoa, baizik eta eztabaida pizteko lana, "hitz erdirik gabe" eta Salabururen "bizipen eta kezka pertsonaletatik idatzitakoa".
Gizartearen "gaitzik handiena" den ahanzturaren aurrean "memoria integrala" aldarrikatu zuten, kontzeptu horrek Salabururentzat "hiru adar nagusi" dituela azaltzearekin batera: 1936ko gerra osteko indarkeria eta ondorengo isiltasuna; Espainiar Estatuaren aparatuen (polizia eta epaitegiak) torturak, erailketak eta inpunitatea; eta ETAko zein ezker abertzaleko kideen aldetik etorritako gogorkeria. "Arreta berezia" jarri dio azken horri, "herritarren zati baten sostengua eta inplikazioa izan duelako". Horiek guztiak ez ezik, munduko beste herrialde batzuetako kasuak ekarri ditu panfletora Salaburuk, hala nola Frantzia, Italia, Irlanda edota Yugoslavia zena.
Egileari berari hitza eman aurretik egindako lanaren balioa eta izandako jarrera "ausarta eta konprometitua" aitortu zizkioten Lizarraldek eta Urrak. "Lan horri esker ez dugu ahaztuko eta Euskal Herria ez da amaituko; memoriaren garapenean ohorezko tokia izango du". Horrekin batera, panfletoa irakurri ostean ongi iruditu ez zaizkien bizpahiru kontu aipatu zizkioten Salabururi.
Sortzearen arrazoia, "kezka"
Alboan zituen bi lagunei eskerrak eman zizkien Salaburuk, batez ere, gustatu ez zitzaiena jakinarazi izanagatik. "Eskertzen ditut kritika zintzoak, hori baita aurrera egiteko modu bakarra, ez den-dena ongi dagoela esatea". Adimen Artifizialeko modeloetako batekin izandako pasadizoa kontatu zuen: "Liburua amaitu berritan galdetu nion egindakoari buruz eta hasieran zoragarria zela esan zidan, Nobel sariren bat-edo irabazteko modukoa. Koipea ez emateko eta analisi zorrotza egiteko eskatu nionean, ordea, dena gaizki zegoela esan zidan, aurreneko paragrafotik bertatik".
Azken urteetan ikusitakoak "kezka izugarria" eragin zion Salabururi eta orduan hasi zen panfletoa sortzen. "Gauza guztien gainetik, ahanztura sustatzea da sektore handi batzuen helburu nagusia. Iruditzen zait urratsak egin nahi ditugula aurrez gertatutako guztia ahaztuta; zergatik?". Hori horrela, idatzi du nagusiki ETAren terrorismoari eta Ezker Abertzalearen jarrerari buruz; Francisco Franco diktadorea hil osteko trantsizio garaiari eta amnistiari buruz; eta 1936ko gerraren osteko biolentziari eta isiltasun jarraituari buruz. "Egonezina" sortu zion ariketa horrek, jabetu zelako guztietan zegoela biktimekiko "baztertze sistematikoa".
Kontu gehiagotaz jabetu zen egilea. Esaterako, atzendura ez dela protagonista Euskal Herrian soilik, baizik eta munduko beste toki askotan ere bai. "Ia-ia lur jota utzi ninduen horrek, badirudi tokian tokiko gizarteek hautatzen duten bidea ahaztearena dela; galtzaileak beti dira biktimak".
Aurkezpen ekitaldia amaitu ostean, Abend jatetxean bazkaldu zuten hitzordura bertaratutako askok.