Eguzki Andatza tabernak penaltietan irabazi zion finalerdia Eguzki Patricio tabernari

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 12a

Infantil mailako Gipuzkoako txapelketak jokatu ziren hilaren 9an. Batean, Eguzki AFko Andatza taberna eta Patricio taberna taldeak izan ziren aurrez aurre eta bestean, Lauburu KE Ibarrako A eta B taldea. Hilaren 16an, Eguzki Andatza tabernak eta Lauburu KE Ibarra Ak neurtuko dituzte indarrak kategoriako finalean

Maialen Chourraut kiroldegian Eguzki AFko taldeen arteko partida zirraragarria jokatu zen.

Borroka handia izan zen kantxan. Lehen minutuetan, Andatza tabernak aurrea hartu zuen markagailuan. Baina Patricio tabernako kideek ez zuten amore emango eta banako berdinketa eskuratu zuten. 

Bi taldeek garaiparen golaren bila aritu ziren, baina araututako denbora amaitu ostean, penaltietan erabaki zen finalerako txartela. 

Lehen bi penaltietan huts egin zuten Andatza zein Patricio tabernetako kideek. Hurrengo bietan, ordea, atezainak gainditu zituzten eta laugarren txandan, Andatza tabernako jokalariak ez zuen huts egin; Patricio tabernakoak, aldiz, ezin izan zuen baloia sarera bidali.

Era honetara, Eguzki Andatza tabernak Gipuzkoako txapelketako finala jokatuko du Ibarrako ordezkarien arteko derbian garaile izan zen A taldearen aurka. Hitzordua Bidebietako kiroldegian izango da hilaren 16ean, 11:45ean. 

Bi aldeak

Horrez gain, Eguzkiko gainerako taldeek ligako zein Euskal Kopako hitzorduei egin zieten aurre eta denetarik emaitzak izan dira. Ikus koadroa.

Kadeteen kasuan, batean kale eta bestean bale egin zuten. Ligan Mondrateren aurka 3-6 galdu zuen arren, sailkapeneko bigarren postuan da eta matematikoki azken faserako sailkatua dago taldea. Euskal Kopako lehiaketan, berriz, Kukuyaga Etxebarri 2-3 garaitu zuten eta sailkapeneko buru mantentzen da.

Madrilen lehian

Era berean, Eguzki AFko kide Peru Azkarate eta Noel Benitez gazteak Torrejon de Ardoz (Madril) bidean dira. Euskadiko Selekzioarekin 12 urtez azpiko Erkidegoen arteko txapelketan parte hartuko dute biek, hilaren 13tik 17ra.

Euskadik hiru partida jokatu beharko ditu multzoen lehian eta lehen sailkatuz gero, lauko A finalean sartuko litzateke. Bestela, Sailkapena zehazteko balioko duten B, C edo D fasean jokatuko litzateke.

Multzoetako faseko neurketak honakoak dira:

  • Hilaren 13an, 13.00etan:  Gaztela-Mantxa - Euskadi
  • Hilaren 14an, 12.30ean: Euskadi - Galizia
  • Hilaren 15ean, 13.00etan: Katalunia - Euskadi

 

Arg.: Eguzki AF