Xabat Martinek, brontzea Gipuzkoako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 12a

Xabat Martin herritarra (eskuinean), Gipuzkoako txapelketako podiumean. Arg.: M.A. Martin.

Zumaiako Saria lehiatu zen hilaren 09an. Guztira kadete mailako 160 txirrindulari batu ziren eta ohiko sariaz gain, errepideko Gipuzkoako txapelketa zuten jokoan gaztetxiek. Andoaingo Txirrindulari eskolako kideak ere bertan izan ziren eta Xabat Martin Mariezkurrena herritarrak podiumera igotzea lortu zuen; hirugarren izan zen

Kirolariek hiru bira eman behar zizkioten ibilbide berari eta azkeneko batean Iraetako igoera barrutik egin zuten, Arroagoiko bidegurutzera arte. 

Martin pelotoiaren aurrean kokatu zen. Bigarren itzulian mendatearen igoeran mozketa bat egin zen eta herritarra harrapatu zuen. Baina lasterketa buru jarritako taldetxoaren bila atera zen Andoaingo Txirrindulari eskolako kidea. 

Azken zatian, ordea, Dimarq-Ipar Maquina taldeko Daniel Diazek eta Besa Geminis taldeko Xabier Berruetak aurre hartu zuten eta Martin atzeko taldean mantendu zen. Azken metroetan, esprintean 3. postua lortu zuen herritarrak.

Martinez gain, talde kide Dario Gomez Blanco herritarra ere izan zen lehian. Pelotoian ongi kokatua zihoan arren, bigarren itzulian mendateko igoeran erorikoa izan zuen. Atzean geratu eta denbora asko galdu zuenez, lehiatik kanpo atera zuten epaileek.