Udaberria loratu da Iñigo de Loiolan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 9a

Udaberri festa ospatu dute ILBE elkartekoek, Iñigo de Loiola kalean. Aurreko urteetan ez bezala, bi eguneko egitaraua antolatu dute. 

Laugarrenez ospatu dute Udaberri Festa Iñigo de Loyolako bizilagunek. Aurreko edizioetan, egun bakarrekoa izan zen jaia, baina aurten ospakizunari egun bat gehiago gehitu diote. Gogotik gozatu dute pandemia garaitik datorren festari erdiguneko bizilagunak; gazteek zein helduek. 

Haurren txandarekin hasi dira. Izan ere, ostiralean, etxeko txikienentzako egitaraua prestatu dute: txokolate jana eta jolasak. Jende mordoa inguratu da Iñigo de Loyolako plazara, ateri zen bitartean. Berrikuntza modura, palomitak ere eskaini dituzte, tabernan. 

Egun handirako beroketa lanak eginik, larunbatari alaitasunez ekin diote. Goizean goiz, diana egin du Ankoker trikitixa taldeak. Jarraian, jolasteko aukera izan dute haurrek, baita aurpegiak eurak aukeratutako irudiarekin apaintzeko ere. Haize bolada indartsuak zirela-eta, ezustekoak izan dira karpak kasik hegan atera baitira. Umoretsu eta auzolanean, gorde dituzte berehala. 

Bien bitartean, pintxopotearekin hasi dira izakinak amaitu arte. Menuan honako pintxo hauek izan dituzte: tortilla patata, urdaiazpikoa edo txistorra. Edateko, Yon Pavon Cocktails Eventek prestaturiko koktelak, nahiz eta Pavonek ezin izan duen barran egon. Era berean, freskagarriak, ura eta bestelako edariak ere izan dira. 

Eguerdira arte, bizkotxo lehiaketan parte hartzeko aukera izan dute bizilagunek. Hogeita bost gutizi aurkeztu dira guztira gazteen eta helduen kategorien artean. Itxura eta zapore ederra zutenez, kostata erabaki dituzte epaileek maila bakoitzeko hiru irabazle. Dena dela, bazkariarekin hasi aurretik jakinarazi dute zeintzuk izan diren hautatuak. Sari ederrak jaso dituzte: antolatzaileen establezimenduetan gozatzeko afariak eta jolasak, besteak beste. 

DJ Karpinek giroa musikatu du, eta horretarako euskal kantutegitik abiatutako errepertorio bizia aukeratu du. DJarekin batera, Kilkerband txarangak ere erritmoa ipini dio goizari. Dantzan aritzeko LOZETeko erraldoiak izan dira bidelagun, buruhandiak ere bai. 

Plaza jendez gainezka zegoelarik, bazkari herrikoia egin dute. Paella goxo-goxoa jan dute 250 lagunek. Paellak paella, bingoan jolastu dira, bazkalostean. Giroa ederra izan da, musikarekin batera dantzatzeko tartea egin baitute. Irabazleek, gainera, antolatzaileek eskainitako opariak jaso dituzte. Kurioski, aho garbiketa bat lortu du parte hartzaile batek. Giro ederrari eutsita, DJ Karpinek girotu du festaren amaiera.