Badator "egutegian hutsik egin ezin duen hitzordua": Udaberriko Festa

Txinxtarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 8a

Askotariko adinetako herritarrentzako jarduerak iragarri dituzte herriko merkatariek

Ormazabal Loradendan aurkeztu dute aurtengo Udaberriko Festa. Herriko merkatariek urte sasoi honetan aurrera eramaten duten ekimen "klasikoa" da; hala adierazi du aipatu elkarteko ordezkari Ana Laureanok, eta gaineratu, urteroko egutegian "huts egin ezin dezakeen jarduera" ere badela, lasarteoriatarrek "gehien gozatzen dutenetako bat" delako. 

Kanpaina hilaren 11n hasi eta 24an amaituko dela azaldu du, beraz, denbora tarte horretan hamaika ekitaldi izango dira. Horien gaineko xehetasunak ere eman ditu. Hilaren 11n, herriko haurren marrazki erakusketa jarriko dute establezimendu parte hartzaileetan. Hori horrela, sormen lan bakoitzaren jabeak berea aurkitu beharko du eta hori egindakoan, oparitxo bat jasoko du dendarien eskutik. 

Bestalde, hilaren 15ean eta 16an publiko zabalarentzat hainbat jarduera iragarri ditu. 15ean, esaterako, DJa izango da Buenetxea tabernan, 18:30etik 21:00etara. Hurrengo egunean, berriz, 09:00etatik 13:30era, udaberriko gozokiak eskainiko ditu Geselinak. Halaber, Arkupe Tabernak paella eskainiko du 13:00etatik 15:00etara, eta 14:00etatik 14:30era, aldiz, zunba erakustaldia egingo dute establezimendu horretan. Arratsaldean ere izango da jarduerarik; kontzertuak, 19:00etatik 21:00etara.

Tailerrak eta kontzertuak

Hilaren 21ean, 22an eta 23an, bezeroentzako eskaintza egingo dituzte ondoko negozioek: Mabel Moda, Bideolagunak, Lilura Liburu denda, Imaghine jantzi denda, Amali jolas denda, Urruzola mertzeria, Olmi mertzeria eta Namie Sushi. 

Hilaren 22an, berriz, 17:00etatik 19:00etara, Ormazabal Loradendan Landatu zure landarea ekimena aurrera eramango dute, eta Lilura Liburudendan, aldiz, haurrentzako saioa. Egun bat geroago, hilaren 23an, txu-txu trena ibiliko da herriko kaleetan barrena 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Gainera, Udaberri lore berri izeneko jarduera izango da 11:00etatik 13:00etara Amali jolas dendan. Egun berean, Andatza tabernan bermuteoa izango da, 12etatik 15:00etara, musika akustikoak girotuta, eta Oria Txiki Tabernan, berriz, parrillada. 13:00etatik 15:00etara izango da azken hori, eta amaitutakoan, musika emanaldiak: 19:00etatik 21:00etara. Buenetxea tabernan ere kontzertuak izango dira, 18:30etik 21:30era. Larunbat horretan (hilak 23), Udaberriko Festari amaiera emateko, barrengorri parrillada herrikoia eta barrikotea egingo dute merkatariek; Okendo plazan izango da, 18:00etatik 20:00etara. 

Horretaz guztiaz gain, egunotan, kanpainarekin bat egin duten establezimenduek zozketa txartelak banatuko dizkiete erosketak egiten dituzten bezeroei. Bost erosketa txartel zozkatuko dituzte; 500 euroko bat eta 250 euroko lau. Antolatzaileek ohartarazi dute irabazleek txartel horiek kanpainan parte hartzen duten negozioetan erabili beharko dituztela. 

Agerraldiaren ostean, "sorpresa"

Ekimenaren berri emateko prentsa agerraldia amaitua, sorpresa bat izan dute merkatarien elkarteko kideek. Ormazabal loradendako jabe Ramon Ormazabalek begonia siempre floria lore sorta bat atera du. Kide bakoitzari horietako bana eman, loreontzi bana ere bai, eta horiek landatu dituzte denek elkarrekin. Lan horiek eginda, loreak nola zaindu azaldu die.