Estreinako lana, Zainetatik zilarra poema bilduma argitaratu du berriki Nahia Intxausti (Lasarte-Oria, 1980) idazleak Pamiela argitaletxearekin. Egindakoa partekatzeko zenbait hitzordutan murgiltzear da eta horien aurretik elkartu da TXINTXARRI aldizkaria berarekin, lanari buruz gehiago jakiteko.
Hasieratik hasteko-edo, noiz eta nola hasi zinen 'Zainetatik zilarra' poema liburuari forma ematen?
Egia esan, une bakar batean ere ez nuen pentsatu liburu bat idaztera helduko nintzenik. Minbizia diagnostikatu zidatenean burura etortzen zitzaizkidan pentsamenduak, irudiak... biltzen hasi nintzen. Betidanik gustatu izan zait idaztea eta, egoera horren aurrean, are gehiago. Idaztea izaten da nire askatzeko modua, plazeretik egiten dut. Beti esaten dut gauza bera: bizirik nagoela sentitzeko idatzi dut.
Kimioterapia tratamendua jaso bitartean ez nuen ezer idatzi; nire indar guztiak prozesu horretara bideratu nituen. Bukatutakoan, baja hilabete batzuk nituen oraindik aurretik eta bidaia bat egin nuen. Orduan hasi nintzen etortzen zizkidan ideiei poesia itxura ematen. Mordoxka bat pilatu nuenean lagun ditudan zenbait idazleri bidali nizkien eta esan zidaten: 'Zergatik ez zara animatzen norabaitera bidaltzera?'. Besteak beste, Ernestina de Champourcin 35. Poesia Sarira bidali nituen eta hara non, euskarazko saria irabazi nuela jakinarazteko deitu zidaten nire urtebetetze egunean bertan!
Orduan erabaki zenuen poema liburua argitaratzea?
Saritua izan nintzela jakin aurretik 30 bat poema nituen eta sormen lan hori gertukoekin partekatu nahi nuela erabaki nuen, autoedizio batekin-edo. Era berean, pentsatu nuen aditu baten laguntza beharko nuela horri guztiari forma emateko eta Iratxe Retolazari deitu nion. Orduan hasi zen elkarrekin egin dugun bidea.
Nolakoa izan da bide hori?
Oso polita. Mundu hori ezagutzen ez dugunontzat eta hasiberriak garenontzat beharrezkoa da kontu horietan adituak diren pertsonen laguntza. Kontrastatu, irizpide garbi bat ezarri... Ederra izan da horretarako Iratxe alboan izatea, pila lasaitu ninduen. Idazle gisa kosta egin zitzaidan hasieran nire ahots eta estilo propioak aurkitzea; ez nekien oso ongi nor nintzen idazterakoan eta non nengoen eroso. Horretan ere asko lagundu zidan. Narratiboagoak dira poema batzuk, lirikoagoak besteak; bi estilo horien artean topatu dut nire lekua.
"Narratiboagoak dira poema batzuk, lirikoagoak besteak; bien artean topatu dut nire lekua"
Minbiziaren diagnostikoa jaso osteko prozesua, zure gorputzarekin harremantzeko modu berria... Gai eta perspektiba oso pertsonalak kontatu dituzu eta baita gaixotasun horri buruzko hausnarketa kolektiboak ere.
Diagnostikoa jaso izanak neure gorputzera eraman ninduen. Sentsazioa dut gizartean, oro har, gorputza alde batera uzten dugula eta buruetan gaudela. Bada, minbizia nuela jakin nuenean nire barruan zegoen hori besarkatzeko ariketa egin nuen, orduan gorpuztu nintzen: 'Hau da nire gorputza eta honekin aurrera egin behar dut', esan nuen.
Beraz, egoera oso pertsonal batetik sortu zen hori guztia baina badago geruza kolektibo bat ere: gertuko pertsonekin, osasun sistemarekin, inurrien sarearekin... Oso existentzialki hartzen ditugu askotan horrelako egoerak, 'hil egingo naiz edo ez', baina norberarekin batera igarotzen dute trantzea ingurukoek, bakoitzak bere erara; prozesu partekatuak dira eta hori islatzen ere saiatu naiz liburu honetan, indarra emanda eta gauza onez nahiz ez hain onez hitz eginda.
Nolakoa izan da poema gisa kontatzea zure gorputzarekin eraiki duzun harreman berri horren garapena?
Egia da gaixotasunaren ondorioz sartu nintzela bereziki gai horretan baina denbora daramat gorputzei buruz hausnartzen. Iruditzen zait, askotan, estetikari oso lotuta dagoen kanpora begirako dimentsiotik kasu egiten diogula: osasuntsu egoteari baino, besteen begiradak eta gureak asetzera. Hori egiten ari banaiz, nor ari naiz lehenesten? Ni neu ala besteak?
Hori horrela, eta begira zer esango dudan, neurri batean lasaigarri eta guzti suertatu zitzaidan: bat-batean, nire buruari esan nion 'orain nire momentua da', gorputza lehen lerroan jartzekoa. Arnasa poema idazten egin nuen negar gehien, umiltasun ariketa egin eta jaramon gutxiegi egin nion Nahia txiki horri barkamena eskatu niolako. Sendatze prozesuaren ataleko olerki inportanteenetako bat da hori. Minbizia igaro izanaren bideak erakutsi dit gorputzarekiko ikuskera aldatzen eta seinaleak entzun ahala kasu gehiago egiten; ez dut beti lortzen, baina saiatzen naiz. Gainera, une horietan gorputzaren oso menpe gaude, tratamenduari erantzun egin behar diolako. Uste dut oso gutxitan sentitzen garela era horretara eta pentsatzen dugula guzti-guztiari eutsiko diola, baina ez, ez da horrela.
'Zainetatik zilarra' da poema bildumaren izenburua. Hor ere badago gorputzei buruzko gogoeta.
Horri begira jarri behar dugu: noraino diren gorputzak gureak eta noraino besteenak. Hitz joko hori egin dut. Zaina nirea da eta zilarra kanpokoa da, eta, batzuetan, nire barruan gehiago dago kanpokotik. Kimioterapia bera izan daiteke zilarra, eta, modu orokorragoan, nire indibiduoan eragiten duen kanpo begirada hori.
Horri lotuta, prozesuan zehar sentitu dut gorpuztasunaren bigilantzia dagoela oro har; kontrola, diziplina. Adibidez, tratamenduan zehar gertatzen diren aldaketei lotutakoa: bularra kentzearena eta berreraikitzearena, ilea galtzearena... Iruditzen zait minbiziarenean eta beste mila gaietan joera handia dugula besteen gorputzei buruzko iritziak azkarregi emateko eta horiek epaitzeko. Eta emandako etsenplu horiek ez dira medikuekiko kritikak, baizik eta denok egiten dugun hori medikuntzan ere gertatzen dela azaleratzea: iruzkinak, zugatik erabakitzea, informazio guztia ez ematea eta gaixoek egoera horretan erabakiak hartu behar izatea, eta abar. Iñurri elkarteko kideok askotan ikusi ditugu horrelakoak. Norberari pasatzen zaion unean uste du agian horrela dela, edo kasualitatez gertatu zaiola, baina komunitatean partekatu eta bati baino gehiagori pasa zaiola ohartzean... Estrukturala da arazoa.
"Minbizi prozesuan zehar sentitu dut gorpuztasunaren bigilantzia dagoela; kontrola, diziplina"
Komunikazioaren ikuspegitik, arreta deitu dit 'Zuen baimena I' poemak: "Frogatutzat jotako hipotesiak/izurria bezala arin hedatzen sareetan/jarraitzaileen txalo zaratatsuekin hanpatuak". Gailu elektronikoen, sare sozialen eta 'influencer' delakoen garaietan bolo-bolo heda daitezke minbiziarekiko, gorputzekiko... mezu oker eta arriskutsuak.
Gaixo dagoen pertsona batek horrelako mezuak jasotzea oso mingarria da. Kulpa besterik ez du sortzen eta ez da batere eraldatzailea. Emakume garenok are gehiago ahultzen gaitu oso barneratua dugulako erruaren sentimendu hori gizarteak ezartzen dizkigun rolak, zaintzarena esate baterako, betetzeari uzten diogulako.
Minbiziari buruz hitz egitena badago joera bat esateko hori pairatzen dutenak ez direla nahikoa zaindu. Horrelakoekin ere oso kritikoak gara Iñurrin: gaixotasunagatik hil diren pertsona guztiak hiltzea merezi zutela esaten ari dira, beraz? Zer ari dira egozten pertsona horiei? Horrelako astakeriek eta jokabideek ez dute batere laguntzen; nahikoa gogorra bada prozesu horretan sartu behar izatea, gure gainean are pisu gehiago jarri nahi izateko.
Horrelako jokabideak salatzeko eta beste gauza askotarako osatu duzue inurrien arteko sare zabala. Nolakoa da zure harremana eragile horretako kideekin?
Minbiziaren prozesua pasa bitartean nire herriko bertako elkarte baten babesa sentitzeagatik izugarrizko zortea izan dut. Alderdi bortitzenak arintzen dituzte eta oso lagungarria da egoera berean dauden edo egon diren pertsonekin hori guztia partekatzea. Gaur egun beraiekin lankidetzan jarraitzen dut antolatzen ditugun mila gauza eta topaketatan.
Horietako bat etzi egingo duzue Usurbilgo Sutegi aretoan: argitaratu duzun liburuan oinarritutako 'Poemario musikatua' emanaldia. Nolakoa izango da?
Pamiela argitaletxearekin lanaren aurkezpen ekitaldia egin ostean, gogoa nuen inurriekin zerbait egiteko baina ez ohiko formatu horretan; liburua kolektiboki partekatu nahi nuen. Baditut lagun musikariak, argazkilariak... eta behin baino gehiagotan hitz egin dugu egitasmoren bat elkarrekin egiteari buruz. Ba orain izan da horretarako unea, proposatu nienean poz-pozik hasi ziren abestiak sortzen edota irudiak biltzen.
Igandean bost inurri igoko gara oholtzara eta liburuko hamabi poema irakurriko ditugu. Esan bezala, musika eta argazkiak uztartuko ditugu emanaldian zehar. Gure asmoa da inurritegia zaintzen duten guztiei eskerrak ematea; bizirik eta elkarrekin gaudela ospatzea.
Horri lotuta, eta jendeak jakin dezan, Lasarte-Orian ere egingo dugu horrelako saio bat ekainaren 18an, Antonio Mercero aretoan, 18:30ean. Ilusio eta gogo asko dut bihotzarekin egindako une polit horiek guztiak bizitzeko.
Usurbilgo saioa igaro eta bederatzi egunera Lasarte-Oriako literatur txokoko kideengana etorriko zara poema liburuari buruz hitz egitera. Ilusioz eta gogotsu zaude saio horretarako ere?
Bai! Gainera, talde horretako kide naiz. Zertxobait arraroa izango da niretzat beste aldean egotea, idazle rolean jartzea, baina gogotsu nago horretarako ere. Egia esan gogoa dut taldekideek esateko dutena entzuteko eta partekatzeko.
'Zainetatik zilarra' irakurri dutenengatik zer jaso duzu orain arte?
Batez ere, gogorra egin zaiela esan didate, baina baita ederra ere. Eskertu didate zuzena eta argia izatea. 'Jo, poesia, ez nago prestatuta horretarako...' esan izan didate; egia da askok badiotela errespetua genero horri, abstraktuegia delakoan-edo. Hunkitu direla, negar egin dutela... Irakurri bitartean sentitu dutela ere kontatu didate eta hori iruditu zait politena.
"Liburua irakurri dutenek, batik bat, gogorra izan dela esan didate, baina baita ederra ere"
Hasieratik bukaerara ordenean irakurtzeko liburua da ala estilo libreagokoa?
Kronologikoki irakurri dutenen artean bi joera daude: arratsalde bakarrean hasi eta bukatu dutenak eta ekin diotenak baina lasai-lasai joan nahi dutenak, pixkanaka. Egia da zentzua duela horrela irakurtzeak gaixotasunaren prozesuaren berri izateko, baina oso irekita nago: bakoitzak irakur dezala bere modura.
Aurkezpen ekitaldiez ari garela, Zubietako Eskola Txikian izan zara berriki. Helduon iritziekin alderatuta, zer-nolako ekarpenak egin dizkizute haurrek?
Gogorra bezain ederra izan zen saio hori ere. Amets semearekin aukeratutako poemak eraman nituen, ulergarrienak izan daitezkeenak-edo, eta horiek irakurri nizkien adin tarte desberdinetako ikasleei; aurretik eta ondoren kontestua eman nien, egoera ulertzeko. Isilik geratzen ziren, begira-begira. Negar malkoak isurtzeraino hunkitu ziren eta baita irakasleak, nire seme-alabak eta ni neu ere. Oso kañeroa izan zen, egia esan.
Jarraitzen al duzu burura etortzen zaizunari buruzko oharrak hartzen eta idazten?
Uneotan ez zait horren erraz ateratzen hori, iturria itxi izan balitzait bezala. Idazleak diren lagunekin hitz egin dut horri buruz eta esan didate hasiko naizela berriro. Sentitzen dudana da lan honekin egon nahi dudala hemen eta orain. Diagnostikoa jaso nuenean bezala, poza ematen dit pentsatzeak hemendik denbora batera berriro izan dezakedala aukera plazeretik idazteko.
Txikitatik izan duzu idaztearekiko zaletasuna?
Lasarte-Oriako literatura lehiaketetara aurkezten nintzen beti, orduan hasi nintzen poemak idazten. 12-13 urte izango nituen. Ipuinak idatzi ditut, sariren bat jaso ere bai... eta utzi egin nuen gerora. Orain, liburua irakurri dutenean, 'ez nekien horrela idazten zenuenik' esan didate askok. Eta nik, erantzun: 'Ba nik ere ez, egia esan!'. Sorpresa izan da niretzat ere. Horrelaxe gertatu da eta ez daukat beste azalpenik (barreak).
Amaitu aurretik, besterik nabarmendu nahi duzu?
Naturan askotan topatzen ditudala lasaitasuna eta babesa: mendira edota itsasora joaten, adibidez. Askotan sentitu dut zilarra, esate baterako, eguzki izpiek ura jotzen dutenean. Oso inportantea da niretzako natura.
"Naturan askotan topatzen ditut lasaitasuna eta babesa; oso inportantea da"
