Eguzki AFko taldeak, denboraldiko azken txanpan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 7a

Eguzki Areto Futboleko ordezkariak denboraldiko azken neurketei begira ari dira lehian. Harrobiko haur eta gazteak indartsu daude infantil taldeak Gipuzkoako txapelketako finalerdietara iritsi dira eta kadete taldea Euskal Kopako sailkapen buru da; ez du partidarik galdu

Eguzki Areto Futbol taldeko ordezkariek denetariko emaitzak izan zituzten ligako azken jardunaldian.

Erregional I. Mailako taldeak Izarraitz izan zuen aurrez aurre Maialen Chourraut kiroldegian. Etxekoek ongi baliatu zituen gol aukerak eta markagailuan izan zuen isla; 5-0 amaitu zen partida.

Infantilek, aldiz, Gipuzkoako txapelketako azken jardunaldiari egin zioten aurre eta sailkapeneko hirugarren eta laugarren geratu direnez, finalerdietara iritsi dira. 

Tamalez, finalean talde bakarra izango da. Hilaren 9an, Andatza taberna eta Patricio taberna taldeek indarrak neurtuko dituzte Lauburu Ibarrako A edo B taldearen aurka nor lehiatuko den erabakitzeko.

Gainerako taldeek ere Gipuzkoako Ligan izandako emaitzak koadroan ikusgai.

Hutsik ez

Eguzki Escalerilla taberna Kadete mailako taldea Ligako azken txanpaz gain, Euskal kopa jokatzen ari da. Bikain ari da borrokan taldea eta ez du neurketarik galdu.

Apirilaren 25ean jokatu zuten lehen jardunaldia. Etxekoak nagusi izan ziren kantxan eta markagailuan. Aurrea hartu zuten 4-0koarekin eta nahiz eta aurkari gerturatu (4-2/6-3), errenta ongi mantentzen jakin zuten. Azken emaitza 7-4ko izan zen.

Hilaren 3an, kadeteek Salburua FS Berdearen aurka 7-5 irabazi zuten.

Eta astean zehar ere partida jokatu du taldeak. Hilaren 6an, Antiguokoren aurka lehiatu ziren hori-beltzak; 2-4 gailendu ziren donostiarrei.

Itzuli bateko liga jokatzen ari dira eta bi partida faltan, lehen postuan dira Eguzkiko gazteak.

Euskadirekin lehian

Bestalde, 12 urtez azpiko Euskadiko selekzioak Erkidegoen arteko txapelketa jokatuko du hilaren 13tik 17ra, Madrilen eta Eguzkiko arduradunek jakitear eman dutenez, taldeko bi jokalari izango dira lehian: Peru Azkarate eta Noel Benitez.