Memoria bizirik mantendu eta transmititzeko ariketa xume bezain hunkigarria aurrera eraman zuten atzo iluntzean Manuel Lekuona Kultur Etxean. 50 urte igaro dira Michelin Lasarte lantegiko ehun eguneko greba egin zutenetik, eta orduko pasarte haiek gogora ekarri eta egindako borroka aitortzeko, zenbait egitasmo aurrera eramaten ari dira sasoi hartan aipatu lantegiko zenbait beharginek. Horietako bat, eta aurrera eraman duten azken hitzordua izan zen atzokoa. Manuel Lekuonan bildu ziren protagonistak, eta horiek entzutera joandako herritarrak. Horiekin batera izan ziren zenbait udal ordezkari ere.
Maider Galardi Fernandez de Agirre kazetari lasarteoriatarrak eman zion hasiera ekitaldiari; bera arduratu zen hitzaldia gidatzeaz. Ordurako berarekin zeuden oholtzan saioko protagonista nagusiak ere: Felix Perez Carrasco, Manuel Diaz de Rabago, Felix Artetxe, Mikeli Garcia eta Rafa Diez Usabiaga.
Berrogeita hamar urte atzera egin, eta 1976. urteko maiatzaren 5era begira jarri zituen Galardik aretoan bildutakoak. Oholtzakideei galdetu zien orduan ea oroitzen ote zuten aipatu egun horretan non egon ziren? Bada, Cien días de lucha frente a una multinacional liburuaren (garaiko bizipenekin argitaratu zuten) 131 eta 132 orriek dakarten informazioari erreferentzia eginaz, oroitarazi zuen Santa Barbara mendian egon zirela, bertan egin zutela egun horretako greba-asanblada. Gaineratu zuen, argitalpen horretan bildutako informazioaren arabera, 800 bat langile batu zirela bertan.
Hori horrela, garai hartako pasarteak "ez ahazteko eta duela 50 urteko errealitateren memoria bizirik mantentzeko" asmoz elkartu direla adierazi zuen gero. Horrekin batera, talde sustatzailearen xedeak zeintzuk diren ere plazaratu zuen: Borroka hura eta haren protagonisten aitortza egitea batetik, eta bestetik, berriz, memoria horren bidez, egungo borroka sindikal eta sozialari balioa ematea eta konpromiso beharra agertzea.
2500 langile, sanbladetan
Hitzartzeak aurrera egin ahala, zenbait datu ere eman zituen; azaldu zuen, esaterako, garai hartan 3500 behargin ari zirela lanean Michelin Lasarten, eta horietatik guztietatik 2.500 bat bildu izan zirela grebako asanbladetan. Azken multzo horretatik bost agertu ziren eszenatoki gainean atzo, baina gogoan izan zituzten horiekin batera orduko borrokan parte hartu zuten gainerakoak ere.
Horientzako guztientzako, gainera, hitz batzuk ekarri zituen Agustin Valdivia alkateak. Beste zenbait konturen artean, esan zuen mobilizazioaren protagonista aktiboak izan zirenez gain, herriak ere erakutsi zuela borroka harekiko hartu zuen konpromisoa; akordura ekarri zuen "elkartasun mugimendu handia" sortu zuela, eta horrek "borrokari irmoki eusteko aukera" eman zuela. Hala, nabarmendu zuen greba hartan langileen emazteek ere garrantzi handia izan zutela, eta hain zuzen ere, azken horiei omenaldi xume bat egin zieten bost protagonista nagusien hitzartzeei ekin aurretik. Horien guztien ordezkari giisa, Kontxi Amonarraiz (Patxi Iparragirreren alarguna), Maria Luisa Irizar (Endika Amilibiaren alarguna), eta eta Arantxa Mendiluze (Juanjo Mendiluzeren alaba) deitu zituzten agertokira, eta txistuaren doinuak lagunduta, Aurreskua dantzatu zieten bi dantzari gaztek. Hori amaituta, krabelin gorri bana eman zien alkateak.
Ordubete eskas, ehun eguneko grebaz mintzatzeko
Aintzatespenaren ostean, testigantzen berri emateko tartea zabaldu zuen Galardik. Adierazi zuen duela 50 urte langileek egiten zituzten asanbleen antza izan zezakeela ekimenak, eta Felix Perez Carrascori eman zion lehenik hitza.
Grebaren testuinguruaz hitz egiteko eskatu zion, eta halaxe egin zuen hizlariak. Kontatu zuen, besteak beste, nola hasi eta amaitu zen ehun eguneko greba. Gogorarazi du Arandako eta Valladolideko lantegiak greban zeudela, eta haiekiko elkartasuna izateko asmoarekin ekin ziotela mobilizazioei. Horrez hain, jakinarazi du hitzarmen kolektiboa ere egiteke zegoela. Lehen asanblada nola egin zuten ere ez du ahaztu: "Langile talde bat elkartu ginen, goizeko seitan, lantegi sarreran zegoen baskulan". Azaldu du lehen greba egunean 06:00etan itxi zirela lantegian, eta hurrengo eguneko 10:00ak arte ez zirela bertatik irten. Hastapenetik emakumeen solidaritatea "sekulakoa" izan zela ere nabarmendu du hizlariak. Grebak iraun bitartea iraun zuen erresistentzia kutxaz ere mintzatu zen.
Bere atzetik, Manuel Diaz de Rabagok hartu zuen hitza: kausako abokatu gisa aurkeztu zuen aurkezleak. Sindikatu bertikaleko kidea zen garai hartan Diaz de Rabago, eta hain zuzen ere, horren gainean solastatzeko agindu zion Galardik. Oso hunkituta hartu zuen hitza, eta eskatutakoari jarraiki, kontatu zuen asanblea gutxitara joan bazen ere, joan zenetara "gobernadore zibilaren delegatu gisa" joan zela. Gaineratu du hark baimendutako bilkurak kontrolatzera bidaltzen zuela, baina aitortu du, berak ez zuela inor kontrolatzen: "Beraiek hitz egiten zuten, eta ni, ixilik". Ondorengo hitzak zuzendu zizkien aretoan bildutakoei, gero: "Michelingo ehun eguneko greba izan zen, langile borrokari dagokionez, Gipuzkoako greba garrantzitsuena. Langile borrokaz hitz egiten denean adibide gisa jarri beharko litzatekeen borroka baketsua". Mobilizazio hark erakutsi zuen langileen arteko batasunari ere azpimarra egin zion. Orobat, sindikatu bertikala zer izan zen azaldu zien entzuleei: "Faxismo italiarrak sortutako sindikatu faltsu bat. Talde horiek enpresariek eta beharginek osatzen zuten, eta hori hala izanik, bere xedea zen langileek euren aldarrikapenak ezin egin ahal izatea. Hori hala izanda. nola defenda zitezkeen langileen eskubideak?". Hala, adierazi zuen orduko esperientzia hura bere ibilbide profesionaleko "onena" izan zela. Amaitu aurretik, greba hura arrakastatsua izatea eragin zuten faktoreez aritu zen. Hiru nabarmendu zituen: asanbladak egunero egitea; greba bideratu zutenen antolamendua, eta batasun sindikala. Mikrofonoa utzi eta bere eserlekura itzuli aurretik, aretoan bildutakoei esan zien aurrera eraman zuten grebarekin "harro" sentitzeko eta eskatu zien ondorengoei transmititzeko.
Euskararen presentzia bermatu nahian
Jexux Artetxe izan zen hirugarren hizlaria. Garaiko grebako prentsa bozeramaileetako bat izan zen, eta mobilizazioaren testuinguru hartan hizkuntzaren aldeko aktibismoan ere aritu zen. Galardik hala eskatuta, kontatu zuen nolako ahalegina egin zuen (beste taldekide batzuekin batera) aktak, interbentzioak, laburpenak eta bestelakoak euskaraz jasotzeko.
Garaiko Lasarten euskararen presentzia zein zen xehatu zuen. Oroitarazi zuen, adibidez, greba urtea baino bederatzi lehenago sortu zela ikastola, eta hiruzpalau urte lehenago gau eskola "txiki eta xume" bat ere martxan jarri zutela. Halaber, azpimarratu zuen egon bazegoela euskara eta euskal kultura sustatzeko ahalegina, baina hori hala izanagatik, kaleetan, hau da, harreman sozialetan, euskararen presentzia "oso-oso eskasa" zela, eta "hutsaren hurrengoa" lan harremanetan, Michelinen.
Gogora ekarri du grebaren zabalkundea egiteko prentsa oharrak-eta euskarazko komunikabideetara ere zabaltzea erabaki zutela, hala nola, Zeruko Argiara, Anaitasuna, eta abar. Horren harira, aipatu zuen, gainera, gaztelaniazkoak ez bezala, aipatu euskarazko hedabide horiek "oso ondo" portatu zirela eurekin. Mobilizazioari dagokionez, ordea, erabaki zuten pankartak, afixak eta bestelako materialak euskaraz eta gaztelaniaz egitea.
Langileen artean euskararen presentzia bermatzea izan zen "lan zailena". Honako adierazpenak egin zituen gero: "Garai hartako Lasarteko eta Michelingo langileen arteko egoera soziolinguistikoa nolakoa zen ikusita, asanbladak ia osorik gaztelaniaz izaten ziren, baina euskarari lekua eman nahia, pentsatu genuen bilkura horietako bakoitza bukatutakoan, bertan landu eta eztabaidatu ziren gai guztien laburpena eta grebaren jarraipenerako hartzen ziren erabakien azalpena euskaraz egitea erabaki genuen".
Ehun eguneko grebak izan zuen solidaritate internazionalaz aritu zen, besteak beste, gero, azken aurreko protagonista: Mikeli Garcia. Azaldu zuen, adibidez, 1976. urtean mundu osoan sakabanatutako 45 fabrika zituela Michelinek (140.000 langile). Egoitza horietako bat Clermont-Ferrand hirian zegoen, Puy-de Dôme departamenduko hiriburuan, Frantziako erdigunean. Bertako lantegiaren dimentsioaz jabetzeko, zenbait datu eman zituen Garciak. Kontatu zuen, esaterako, bertan garaian 150.000 pertsona bizi zirela, eta horietatik 30.000k lan egiten zutela Michelinen. Horretaz gain, azaldu zuen leku horretako ikastetxeak, eliza, ospitalea, eta abar. "Hilerria izan ezik, gainerako guztia" Michelinena zela gaineratu zuen. Datuok gaur egunera ekarrita, 2026arekin alderaketa ere egin zuen: "Michelinek, egun, 110.000 langile ditu mundu osoan". Un solo patron, una sola lucha leloaz ere mintzatu zen.
Rafa Dieza Usabiaga izan zen bosgarren eta azken hizlaria. Garaiko "koiuntura soziopolitikoa" zein zen azaltzeko galdegin zion Galardik protagonistari, baita nolakoa zen sasoi hartan Espainiako estatuan eta Gipuzkoan gertatzen ari ziren greben "tenperatura". Langileen asanbladak nolakoak ziren azaltzeko ere eskatu zion, baita nolakoak izan ziren "ireki ahal izan ziren askatasun bideak", eta nolakoa errepresioa.
Grebalari "gazteenetako bat" izan zen Diez Usabiaga. Hemeretzi urte betetzeko bidean zen ehun eguneko greba hasi zenean, eta bizitakoa "esperientzia ikaragarria" izan zela nabarmendu zuen, eta gaineratu, "asko ikasi" zuela eta hortik aurrera "konpromisoz" eraman nahi izan dituela bere bizitza eta eginbeharrak.
Grebaren beraren "balio eta izaera historikoari" egin zion azpimarra hasieran: "Michelin Lasarte zen garaiko Gipuzkoako lantegirik handienetariko bat. Nola uler daiteke, horrelako enpresa handi batean, oraindik frankismoa bizirik zegoenean ehun eguneko greba egitea? Orain ezinezkoa iruditzen zaigu".
Hitzartzearekin jarraitzeko, garai hartako testuinguru "berezia" ekarri zuen akordura: "Franko hil berria izanagatik, frankismoaren egitura guztiak mantentzen ziren. Bazegoen, bai indar handi bat apertura demokratikoak nahi genituenon aldetik, baina hor zeuden frankismotik zetozen inertziei eutsi nahi zietenenak ere". Garaian bizi izan zuten "askatasun faltari" erreferentzia eginez ere, jarri zituen zenbait adibide: "Sindikatuak ilegalak ziren, eta asanbladak zein manifestazioak egiteko arazoak zeuden. Oinarrizko eskubideak kolokan zeuden, eta hori horrela izanik, zailagoa egiten zen gisa honetako grebak egitea. Testuinguru errepresibo hori gainditzeko gai izan ginen, eta gure eskubideen aldeko borroka sustatu genuen".
Zabal hitz egin zuen testuinguru sindikalaz ere, eta Michelin Lasarteko langileen klase kontzientzia nolako zen ere azaldu zien bertaratutakoei. Azken horri dagokionez, esan zuen hori garatu zutela borrokaren garapenarekin batera: "Greban parte hartu genuenontzat, hura izan zen sekulako eskola soziala, izugarrizko unibertsitate partikularra. Gerora ere, greba amaitua, langileok gai izan ginen enpresari gauzak beste era batera planteatzeko".
Hitza, entzuleei
Saioa amaitu aurretik, hitza hartzeko aukera eman zien Galardik aretoan bildutakoei. Izan zen protagonistei galderaren bat edo beste egitera, zein horiekin hausnarketak partekatzera animatu zenik.