Lasarte-Oriako atletak, txapelketa ezberdinetako podiumetan

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 6a

Kluben arteko Euskadiko txapelketako podiumera igo ziren herriko atletak. Arg.: I. Romero.

Lasarte-Oriako atletek Eskolarteko txapelketako azken jardunaldiari eta Kluben arteko Euskadiko txapelketari aurre egin zioten hilaren 2an eta 3an. Gaztetxoek sei domina eskuratu zituzten; Kluben arteko lehian, aldiz, Alaia Romero (Real Sociedad) eta Nerea Eugi (Atletico San Sebastian) podiumeko lehen bi mailatan izan ziren

Herriko atleta gazteek Eskolarteko bakarkako Gipuzkoako txapelketari eman zioten amaiera, hilaren 3an, Ordizian.

Ostadar SKTk ordezkaritza zabala izan zuen, hogei bat infantil eta alebin izan ziren pistan borrokan. Real Sociedad taldeko Alaia Romerok ere parte hartu zuen. 

Guztiak ederki jardun ziren eta kolore ezberdinetako sei domina jantzi zituzten:

  • Alaia Romero (Real Sociedad): Infantil maila
    • 80 m. - 1º
    • 220 m. hesi - 1º
  • Nahia Garcia (Ostadar SKT): Infantil maila - Luzera jauzia - 1º
  • Amelie Flores (Ostadar SKT): Infantil maila
    • 220 m. hesi - 2º
    • Pisu jaurtiketa - 2º
  • Auritz Iturralde (Ostadar SKT): Alebin maila - vortex jaurtiketa - 3º

Ezkerrean, Alaia Romero eta Amelie Flores eta eskuinean, Auritz Iturralde, podiumean. Arg.: I. Romero/Ostadar Atletismoa.

Euskadiko klubik onena

Bestalde, hilaren 2an, 1. mailako Euskadiko kluben txapelketa lehiatu zen, Getxon (Bizkaia) eta bi herritar izan ziren podiumean: Alaia Romerok lehen postua eskuratu zuen Real Sociedadekin eta Nerea Eugik bigarrena, Atletico San Sebastianekin.

Eugi 200 metro lasterketan garaile izan zen (25,51) eta Realean dagoen atleta gazteak 100 metro lasterketan bere marka ondu zuen, 12,67. Gainera, biak izan ziren euren taldeetako 4x100 m. erreleboko kide.

Euskadiko selekzioarekin

Herriko atleten jardunak garaikurrez gain, bestelako aitorpen bat ere izan du, Euskadiko selekzioaren deia.

16 urtez azpiko Erkidegoen arteko Espainiako txapelketa jokatuko da Ourense (Galizia) hurrengo asteburuan eta Ostadar SKTko Aitor Martin eta Nahia Garcia zein Real Sociedad taldeko Alaia Romerok taldeko zerrendan daude.

Martin pisu jaurtiketa proban lehiatuko litzateke, Garcia jauzi hirukoitzean eta Romero bi errelebotan: 4x100 m. eta 4x300 m.

Horrez gain, Ostadar SKTko kideek 18 eta 20 urtez azpiko Euskadiko txapelketan parte hartuko dute hilaren 9an.