Erromeria igandea izango da Azkorten

Txintxarri Aldizkaria 2026ko maiatzaren 5a

Baselizan dute hitzordua, igande honetan, hilak 10, lasarteoriatarrek. Urtero bezala, erromeria antolatu dute Ttakun Kultur Elkarteak eta udalak, elkarlanean

Santikutz egunaren bueltan, Azkorteko erromeria aurrera eramango dute igande honetan, hilak 10. Hala jakinarazi dute Ttakun Kultur Elkarteko ordezkari Arkaitz Illarramendi Sarabiak eta Jaiak saileko zinegotzi Txus Alonso Ocarizek. Ekimen horrek herriko jai egutegian duen garrantzia azpimarratu dute biek; kultur ondarearen adierazpen gisa eta belaunaldien arteko topagune gisa duen balioa nabarmendu dute.

Lehenik eta behin, udal ordezkariak hartu du hitza; Azkorteko Erromeria bezalako ohiturak bizirik mantendu eta Lasarte-Oriaren identitatearen parte aktibo izan daitezen Ttakun bezalako elkarteen etengabeko lana balioan jarri du. 

Illarramendik, berriz, gogorarazi du erromeriaren helburu nagusia zein den: ohitura hori herritar guztiei, batez ere belaunaldi berriei, transmititzen jarraitzea. Horretarako, aurreko edizioetan "arrakasta" izan duen  duen programazio sendoari eutsi diote. 

10:30ean zabalduko dute taberna. Hori horrela, bertaratzen diren mendizaleek eta gainerako herritarrek, salda, txorizo egosia eta askotariko edariak dastatzeko aukera izango dutela iragarri dute antolatzaileek. Hala, ohartarazi dute 14:30era arte izango dela bertan kontsumitzeko aukera. 

Ordu laurden geroago, 10:45ean, erromeria hasiko da. Lierni Arozena eta Olaia Rekondo ariko dira oholtza gainean. 

Eguerdia pasata ekingo diote herri kirolen erakustaldiari. Beñat Telleria ariko da harria jasotzen, eta aizkoran, berriz, bi lagun: Aratz Mugertza eta Julen Gabirondo. 

Elizkizunaren txanda izango da ostean, 13:15ean. Antolatzaileek jakinarazi dute Alboka abesbatzak kantatuko duela. 

Agerraldia amaitu aurretik, hizlariek herritarrak Azkortera joan eta musika, herri kirola, gastronomia eta tradizioa ingurune paregabe batean uztartzen dituen ekimenaz gozatzera gonbidatzen dituzte.