Ekimena maiatzaren 17tik ekainaren 28ra bitartean aurrera eramango da, eta udalaren helburua da "berdintasunarekin, aniztasun afektibo-sexualarekin eta genero aniztasunarekin duen konpromisoa indartzea". Horrekin batera, "herritar guztientzako hausnarketa eta bizikidetza guneak sortzea" ere badu xede.
Lourdes Acevedok azpimarratu du aurkeztutako programazioak "gizarte gisa aniztasunaren errespetuan aurrera egiten jarraitzeko beharrari" erantzuten diola, "edozein diskriminazio eta indarkeria motaren aurka" eginez. Ainara Elicecheak, berriz, honako adierazpenak egin ditu: "Sentsibilizatzeko, pentsamendu kritikoa sortzeko eta askotariko errealitateak ikusarazteko tresna garrantzitsua da Kultura".
Publiko zabalari zuzendutako askotariko proposamenak biltzen ditu programazioak; kultura, hezkuntza eta sentsibilizazio jarduerak uztartzen. Besteak beste, familientzako tailerrak, literatur aurkezpenak, ikus-entzunezko proiekzioak, hitzaldiak eta erakusketak iragarri dituzte udal ordezkariek.
Hilaren 19an aurrera eramango dute egitarauko lehen hitzordua; familientzako jarduera izango da. Somos las Bitxis-ek dinamizatutako Zaindu maite duzun oro saioan parte hartzeko aukera izango dute. 4 eta 6 urte arteko haurrentzako ekimena da, eta bertan aritzeko aurrez izena ematea ezinbestekoa dela ohartarazi dute arduradunek (udalaren web atarian egin beharko da hori; datozen egunetan jarriko dute erabilgarri). Kultur etxean izango da, 17:30ean eta euskaraz.
Bi egun geroago, berriz, hilaren 21ean, Mer Gomez-en La rebelión de las hienas eta Las hermafroditas del siglo XXI liburuen aurkezpena egingo dute Mercero aretoan, 18:30ean. Maider Galardi Fernandez de Agirrek gidatuko du saioa, eta gaztelaniaz izango da.
Hilaren 28rako hitzaldia programatu dute. Alternativas para hacer frente a las violencias por motivos de orientación sexual e identidad de género mintzaldia emango du Elena Olaortua Gonzalezek, gaztelaniaz. 18:30ean izango da, Antonio Mercero aretoan.
Ekainean, deialdi gehiago
Ekainaren lehen egunetik azkenera, 1etik 30era, Gorputzak izeneko erakusketa ikustera joateko aukera izango dute herritarrek. Udal Liburutegian egongo da hori bisitagai, liburutegia irekita dagoen ordutegian.
Ekainaren 5ean film laburren emanaldia aurrera eramango dute. Zinegoak eragilearekin elkarlanean egingo duten jarduera izango da. Manuel Lekuona Kultur Etxeak proiektatuko dituzte ikus-entzunezkoak, 18:30etik aurrera.
Danele Sarriugarteren Beste zerbait liburuaz solastatzeko saioa iragarri dute ekainaren 9rako. Irakurle Txokoarekin eta Transmaribibollo kolektiboarekin elkarlanean antolatutako jarduera da eta kultur etxean aurrera eramango dute. Euskaraz izango da, eta honako ordutegian: 17:30etik 19:00etara.
Ekainaren 16an Iñi Etxezarreta Toca eta Elene Lopetegi Olea eurek idatzitako Garen piztiaz beste. Hitz egin liteke euskal transfeminismoaz? liburuaz solastatuko dira. EIHERA kooperatibarekin elkarlanean prestatutako saioa da, eta euskaraz aurrera eramango da. Antonio Mercero aretoan izango da, 18:30ean.
19an, berriz, La misteriosa mirada del flamenco filma erakutsiko dut Okendo Zinema Taldeak. Kultur etxeko auditorioan izango da hitzordua, 20:00etan..
Agerraldia amaitu aurretik udal ordezkariek jakinarazi dute jarduera horien guztien berri ematen duen eskuorria datozen egunetan jasoko dutela lasarteoriatarrek postontzietan. Hala herritar guztiak gonbidatu dituzte programazioan aktiboki parte hartzera: "Gizarte bidezkoago, askotarikoago eta inklusiboago baterantz elkarrekin aurrera egiteko aukera da".