19:00ak aldera Mercero plaza jendez betzen joan da. Ostadarreko harrobiko jokalariak, kuadrillako lagunak, Jon Martin eta Lander Astiazaranen senideak eta ehundaka herritar Realeko jokalari eta Koparen zain bildu dira. 19:30ak baino lehen furgoneta beltza bat iritsi da eta zoramena hasi da.
Ateak ireki eta Martin eta Astiazaran jokalariak atera dira. Kopa hartu eta Ostadarreko harrobiko gazteek eta Erketz EDTko dantzariek egindako pasillotik igaro dira. Zain zituzten udal ordezkariak eta argazkiak egin ostean, aurreskua dantzatu diete bi omenduei.
Oroigarriak eta hitzak
Udalbatzar aretora joan dira jarraian. Alkateak egin die harrera eta besteak beste, herriarentzat erreferente direla azaldu die. Oroigarri gisa, biak agertzen diren ilustrazioa bat eta Lasarte-Oriako zapia eman die alkateak: "Hurrengo ospakizunetan, Remiro ez dadila izan, bere herriko zapia daraman bakarra".
Jokalariek ere hartu dute hitza. Martinek eskerrak eman dizkio Udalari horrelako harrera antolatzeagatik: "Lasarte-Oria hazi garen herria da eta gure lehen pausoak eman genituena. Ohore bat da guretzat horrelako harrera bat egitea".
Astiazaranek ere eskerrak eman dizkio Udalari eta, batez ere, senide eta lagunei: "Zuek ere honen parte zaretelako eta zuengatik izango ez balitz hau ez litzateke posible izango. Aupa Lasarte eta aupa Reala".
Balkoira atera baino lehen, familia, kuadrilla, udal batzarkideekin argazkiak egin dituzte, baita hainbat bandera, ilustrazio eta bufanda sinatu ere.
Kopa balkoira ateratzean Okendo plazak eztanda egin du eta herritarrei hitz batzuk ere eskaini dizkiete.
Martinek herriaren babesa eskertu du: "Zuetako asko Sevillan egon zineten, baina badakit herrian ere giro ederra izan zenutela". Lasarte-Oriako futbol taldeek eta batez ere, Ostadarrek harrobiarekin egiten duen lana ere goraipatu du.
Astiazaranek herritarrei eskaini die kopa: "Ohore bat da kopa herrira ekartzea, hau ere zuena da, zuen babes guztiarengatik". Eta udalbatzar aretoan bezela, "aupa Lasarte eta aupa Reala" esan ostean, herritarren txalo zaparrada eragin du.
Hitzartzearen ostean, Txintxarrikook tartetxo bat izan dugu bi jokalariekin hitz egiteko.
Jarraian, azken argazkiak egin eta Kopa Realeko ordezkarien eskutan utzi dute. Martinen hitzek hauspotuta, ehundaka haur, gazte eta ez hain gazteekin zain zituzten udaletxe kanpoan eta tentsio uneak bizi dira. Baina azkenean guztiek jokalariekin egoteko tartetxoa izan dute.